Botilaratzea Lizeagako lan nagusietako bat izatera pasa da, eta azaldu du honelakoa dela egunerokoa; «botilaratu nahi den sagardoa aukeratu, botilak txukun-txukun garbitu, prestatu eta botiletan sartu». Botilaratzeaz gain, aurten Lizeaga sagardotegiak bi berrikuntza ditu eskuartean; batetik, Sagar Zukua edo Zizarra; eta bestetik, bisita gidatua.
Sagar zukuari dagokionez, Lizeaga sagardotegiak aitortu du aspalditik zeukatela buruan: «bezeroak hasi zitzaizkigun galdezka ea bagenuen zukurik, eta horrek bultzatu gintuen zukua egitera. Aurreko urtean proba bezala botila gutxi batzuk egin genituen eta emaitzarekin oso gustura gelditu ginenez, aurten kalitate haundiagoko zukua egin dugu».
Jendeak gustuko duela aitortu du Lizeagak: «oso harrera ona izan du, asko izan dira otorduan zehar zukua probatu eta gero etxerako kaxak erosi dituztenak». Era berean, Lizeaga familiak gaineratu du gaur egun produktu naturalek arrakasta haundia izaten dutela: «eta gure zukua %100 naturala da».
«Gozoa eta azidoa» da zukua, nahasketa bikaina: «sagarrak berak duen azukrea besterik ez du. Tolaretik ateratako mosto edo zukua zuzenean pasteurizatu eta botiletan sartzen dugu. Horregatik da garrantzitsua sagar barietatea, horietako bat errege sagarra edo Errezil sagarra da, oso egokia eta orekatua den nahasketa da». Zukua kaxetan saltzeko aukera ere eskaintzen du Lizeagak; «bai partikularrentzat eta baita ostalaritzarentzat ere».
Lizeagak eskaintzen duen bigarren berrikuntza bisita gidatuak dira, aurten hasi dira eskaintza berriarekin Sagardo Routeren laguntzarekin. Lizeaga sagardotegia aspalditxotik zuen buruan bisitak eskaini behar zituela: «azken urteetan geroz eta gehiago izan dira enoturismoarekin lotura duten bezeroak, eta gauza bat eta beste... bisita gidatuen aldeko apustua egin genuen».
Bisita hauetan, sagardotegiaren eta sagardoaren prozesuaren berri emateaz gain, produktu desberdinen dastaketak egiten dira bertan, eta ondoren, sagardotegiko menu tradizionala ematen dute bazkaltzeko. Tolare eta sagardotegian, Zirrara edota Sagar zukua dastatzen dute bisitariek, ondoren upategian Euskal Sagardoa edaten dute txotxetik, eta bukatzeko, mahaian, bazkaldu aurretik botilako Euskal Sagardoarekin amaitzen dute bisita.
2024ko uztako sagardoa txotxetik dastatzeko garaia igaro ondoren, botilan gozatzekoa iritsi da. Sagardotegia urte osoan zabalik egoten da, baina maiatzetik aurrera aldaketa batzuk daude: sagardoa botilan zerbitzatzen da, eta menu tradizionalaz gain, tomate eta letxuga entsaladak, saiheskia eta Larretako izozkiak ere eskaintzen dira. Txotx garaian bezeroak zutik egoten diren arren, orain otorduak eserita eta giro lasaiagoan egiten dira.
|