Astigarragako PSE-EEk lankidetza haundiagoa eskatu dio EH Bilduri

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 6a, 12:49

Patxi Suarez.

Agintaldiaren erdialdearen balantzean Udal Talde Sozialistak positibotzat jo ditu garraio publikoa indartzea, udalerriko lehen energia-komunitatea sortzeko bultzada eta Astigarraga gune tentsionatu izendatzeko eskatzea.

Astigarragako PSE-EEk gogor kritikatu du EH Bilduren gobernuaren «anbizio eta ekimen falta, herriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dieten proiektu eraldatzaileak bultzatzeko». Sozialistek azpimarratu dute erakundeen arteko lankidetza «haundiagoa behar dela, besteak beste, herritarrei garraio publiko eraginkorra emateko». 

Zentzu horretan, Azahara Dominguez sozialistak gidatutako Mugikortasun sailak egindako lana balioan jarri nahi du Udal Talde Sozialistak, urtarrilean auzotarren eskaera nagusietako bati erantzuna eman baitzion herrian garraio publikoa indartuz.

Udal Talde Sozialistak dioenez «oposizio konstruktiboa eta elkarrizketazalea» egin du, nahiz eta gobernuak «ez dituen bere eskaera nagusiak jaso, ez aurrekontuei dagokienez, ezta ordenantza fiskalei dagokienez ere; izan ere, ziurgabetasun ekonomikoa gorabehera, EH Bilduk gora egitea erabaki du, herritarren poltsikoa gehiago estutuz, ahal bada».

Era berean, «ez da jaso herritarrentzat hain garrantzitsuak diren proposamenik, hala nola bide-segurtasunerako funtsezkoak diren semaforoak jartzea». Hala eta guztiz ere, onartu du badenak jarri direla edo debekatu egin dela kamioiak udalerriaren erdialdetik ibiltzea bide-segurtasuna haundituz.

Udal Talde Sozialistak tokiko merkataritza indartzeko apustu argiagoa eskatu dio EH Bilduri, bere eskaintza eta ezagutarazteko mekanismoak zabalduz. Gainera, Gaztelekutik kanpo gazteei laguntzeko ekimenik ez dagoela deitoratu du, eta horregatik, gazteek beren bizitza aisialdian, lanean edo ikasketetan garatu ahal izateko ekosistema bat sortzearen aldeko apustua egin du.

«Aldaketa eta etorkizuneko erronka haundiei aurre egin behar diegu, horregatik, anbizio, gogo eta ekimen haundiko gobernua behar dugu», amaitu du Suarezek. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!