Ekaina iristearekin batera, gaur zabalduko dute Astigarragako igerilekua

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 1a, 00:00

Frexkatzeko aukera izango dute gaurtik aurrera astigartarrek.

Lau hilabetez egongo da zabalik Astigarragako igerilekua, gaurtik irailaren 30era arte.

Udako egun sargoriak gerturatzen ari dira dagoeneko, eta gaurtik aurrera Kiroldegiko igerilekuan frexkatzeko aukera izango dute astigartarrek.

Iaz egin zuten modura, ekaina iristearekin batera zabalduko dituzte igerilekuko ateak, eta irailaren 30era arte mantenduko dituzte zabalik. Udalak denbora tarte luzeagoan irekita edukitzea erabaki du, aldaketa klimatikoaren ondorioei aurre egiteko: «Azken urteotan udak gero eta luzeagoak eta beroagoak izan dira kasu gehienetan, eta hala izaten jarraituko duela aurreikusten da. Horri aurre egiteko, atsedena eta segurtasuna bermatzen duen espazioa denbora gehiagoz irekita mantentzea erabaki da».

Irekiera eguna jakinaraztearekin batera, oinarrizko arauak ere gogorarazi nahi izan ditu Udalak: igerilekura sartu aurretik beharrezkoa da dutxatzea; bainu txanoa erabili behar da; 8 urtetik beherako haurrek adin nagusiko pertsona batekin sartu beharko dute uretara; eta igerileku txikian 0-4 urte bitarteko haurrek dute lehentasuna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!