EAJ-PNV-k Gazan ematen ari den indarkeria gaitzetsi du

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 31a, 00:00

Talde jeltzaleak berehalako su etena eskatu du, eta Palestinako herritarren babesa bermatzeko neurriak hartzeko eskatu diote EBri.

Astigarragako EAJ-PNVren udal taldeak, «giza eskubideekiko duen konpromiso irmoa adierazi du eta Gazan izaten ari den gatazkak eragindako indarkeria eta sufrimendua zalantzarik gabe gaitzesten du». Gatazkaren berehalako amaiera, indar militarren erretiratzea eta nazioarteko zuzenbide humanitarioarekiko errespetu osoa eskatzen dira.

Taldeko bozeramaile María Otaegik adierazi zuenez, «ezinbestekoa da argi hitz egitea palestinar herritarrek bizi duten krisi humanitario larriaren aurrean, milaka biktima, suntsiketa haundiak eta derrigorrezko desplazamenduak eragiten ari baita». 

Ildo horretan, Otaegik gaitzetsi du administrazio batzuen erantzun irmo eta sendoaren gabezia, eta azpimarratu du «Europar Batasunak bere eragin politiko eta diplomatiko guztia baliatu behar duela zibilak babesteko, gatazkan dauden aldeei armak saltzeari behin-behinekoz ere uzteko eta nazioarteko ebazpenak betearazteko beharra dagoela».

Era berean, adierazpen hau Espainiako, Europako eta nazioarteko erakunde garrantzitsuei helarazi nahi die, tartean Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia (UNRWA). Horrela, udalerriak bere elkartasuna berretsi nahi du herri palestinarrarekin eta mundu osoan giza eskubideen urraketak pairatzen dituztenekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!