Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko, beka deialdia martxan

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 25a, 00:00

Eider Ugartek eta Andrea Loinazek 2023an jaso zuten beka.

Bekak ikerketa-lanaz gain, emaitzen zabalkundea barne hartuko du. Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 18ra arte izango da.

 

Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko eta herritarren eskura jartzeko genero ikuspegidun ikerketa-bekaren deialdi berria argitaratu da. 

Udalak Astigarragako emakumeen historia ezagutzera emateko xedearekin hainbat ikerketa-beka deialdi argitaratu ditu dagoeneko. 2020. urtean sortu zen bekaren lehenengo edizioa, eta horri esker XX. eta XXI.mendeetako emakumeen gorputz praktiken inguruko ezagutzak areagotu, eta zabaldu ahal izan dira. Bigarren deialdian ez zen beka-eskaerarik jaso. 

2023. urtean izan zen bekaren hirugarren edizioa eta bertan Astigarragako hainbat emakume erreferenteen ikerketa gauzatu zen. Hain zuzen ere, aurten urte amaierarako aurkeztuko dira bekaren emaitzak.

 

Ondorioen hedapena gauzatzeko 10.000 eurotik 15.000 eurora pasa da beka

Aurtengoa laugarren edizioa izango litzateke eta aldaketa nabarmenena bekak ikerketa-lanaz gain, ondorioen edo emaitzen zabalkundea barne hartuko duela da. Aurreko deialdietan ikerketa-lana burutzea, entregatzea eta aurkeztea eskatzen zitzaion bekadunari eta ondoren, Udalaren gain geratzen zen emaitzen hedapena. Oraingoan, ordea, bekadunek bi egiteko izango dituzte: batetik, ikerketa-lana burutzea eta bestetik, lortutako ondorioen hedapena gauzatzea. Aldaketa horrek hainbat egokitzapen ekarri ditu oinarrietan eta aipagarrienetakoa bekaren zenbatekoa 10.000 eurotik 15.000 eurora pasa dela da.

Beka eskatzaileak 18 urtetik gorako norbanakoak (Astigarragan erroldatuta egotea ez da ezinbesteko baldintza) zein horretarako propio osatutako nortasun juridikorik gabeko taldeak izan behar dute.
Ikerketaren gaia irekia izatea nahi du Udalak eta eskatzaileak erabaki dezala ikerlanaren gaia, betiere bekaren xedearekin bat etorriz.

Ikerketaren iraupena izango da gehienez ere 18 hilabetekoa eta aurkezteko epea uztailaren 18 arte izango da.

 

Herriko historia osatzeko garrantzitsua

Beka-eskaerarekin batera ikerlana eta zabalkundea atalak bereiziko dituen proiektu-proposamena aurkeztu beharko dute eskatzaileek eta epaimahai batek baloratuko ditu jasotako proposamenak. Jarraian, ikerlan-aukeraketa burutuko du epaimahaiak, merezimendu-lehiaketan lorturiko puntuazioaren baitan. Eskaerak baloratzeko irizpideak honakoak izango dira: eskatzailearen curriculuma, ikerketa-proposamenaren egokitasuna, zabalkunde-proposamenaren egokitasuna, ikerlaria edo ikertzaile taldearen %51a emakumezkoa izatea eta ikerlaria edo ikertzaile taldearen %51a Astigarragan erroldatuta egotea.

Bekaren gaia irekia denez, aukera anitzak eskaintzen dizkio eskatzaileari nahi duen ikuspegitik ikerketa lantzeko. Era honetako ikerketek berebiziko garrantzia dute, herriko historia osatzen dute eta. Horregatik, Udalak gonbidapena luzatu nahi die herritarrei beka eskatzeko eta euren ikerketa-proposamena helarazteko.
Bekari buruzko informazio zabaltzeko edo zalantzak argitzeko idatzi daiteke berdintasuna@astigarraga.eus helbidera edo deitu 638206586 telefono-zenbakira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!