Suizidioa izango dute hizpide Erribera kulturgunean, datorren ostegunean, maiatzak 29. 'Suizidioa prebenitu bizitza sustatzeko' hitzaldia eskainiko du Biziraun elkarteko Iratxe Etxenike psikologoak, haur eta nerabeen gurasoei zuzenduta. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da.
Astigarragako Udalak antolatu du hitzaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartearekin lankidetzan, TREBA Gurasoak ekimenaren baitan. Ikasturte honetako azkeneko hitzaldia izango da ostegunekoa, herritarren artean «harreman osasuntsuak eta parekideak» sustatzeko helburuarekin.
Doluari eta heriotzari buruzkoa izan zen aurreneko hitzaldia, apirilean; eta «beste gai delikatu eta garrantzitsu bat» landuko dute oraingoan, suizidioa. Doakoa izango da saioa, baina izena eman behar da aldez aurretik: emailez, euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus edo gurasoelkartea@astieskola.eus helbideetara idatzita; eta telefonoz, 695 442 832 edo 943 33 10 67 telefonoetara deituta.