Dantzari Txiki Egunak Astigarragako zirrikituak hartuko ditu bihar

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 24a, 00:00

Astigar Dantza Taldeak eta Añorgako Arkaitz dantza taldeak hartuko dute parte biharko Dantzari Txiki Egunean.

«Ohiturak berreskuratzeko asmoz» antolatu du Astigar dantza taldeak aurtengo Dantzari Txiki Eguna. Goizeko 11:30etan hasiko dira herriko txikiak dantzan, eta bi ibilbide osatuko dituzte. Amaierako ekitaldia egingo dute Foru Plazan, eta segidan, denak elkarrekin argazkia aterako dute: «Astigarren parte hartu duten guztiak animatu nahi ditugu argazkira».

Dantzari Txiki Eguna antolatu du biharko Astigar dantza taldeak. Goizeko 11:30etan hasiko dira herriko gaztetxoak dantzan, eta aurten, Añorgako Arkaitz taldekoak izango dira bisitariak. «Gogoz» daudela aitortu du Astigar dantza taldeak, izan ere, 2018an antolatu zen azkenekoz Dantzari Txiki Eguna Astigarragan: «bi urtetik behin ospatzen genuen eguna, eta 2020an Pandemia etorri zenez, ezin izan genuen ezer antolatu. Geroztik pasa dira bost urte, eta aurten erabaki dugu Dantzari Txiki Eguna berriro antolatzea Astigarragan». 

Bi ibilbide egingo dituzte; horietako bat Kontxa Etxeberria Plazatik hasiko da, kaleetan barrena dantza emanaldiak eskainiz; eta bigarren ibilbidea Pentagono Plazan hasiko da. Biak Foru Plazan amaituko dira 13:00ak aldera denek emanaldi bateratu bat eskainiz. 

Aurten gainera, Astigar Dantza taldeak 50 urte bete ditu, eta aitzaki ederra iruditu zaie taldeko kideei Dantzari Txiki Eguneko azken emanaldia amaituta argazkia ateratzea:  «Astigar Dantza taldeko parte izan direnak gonbidatu nahi ditugu, urteetan gurekin egon diren dantzariak, irakasleak, laguntzaileak... denok batera argazkia ateratzeko eta 50 urte hauek irudi batean islatzeko. Horrez gain, argazki hau Astigar elkarteak urtero ateratzen duen Aldizkariko azala izango da. Hainbat arrazoiengatik Astigarrekin era batera edo bestera lotura duen edo izan duen edonor gonbidatua dago baita edozein herritar ere».

 

Ohiturak berreskuratuz

Astigar dantza taldeak jakinarazi du asmoa duela bi urtetik behin Dantzari Txiki Eguna antolatzeko: «berreskuratu nahi dugu ohitura, eta jarraipena eman euskal dantzari». Ere berean, dio «indartu» egin behar dela euskal dantza, batik bat Astigarragan: «txiki asko dira gurera datozenak dantzatzeko gogoz, eta euskal dantzak ikasteko irrikaz. Adin tarteari dagokionez 7 eta 12 arteko haurrak dira, izan ere, Astigarragak biztanleria hazkundea izan du azken urteotan, eta horrek asko eragin digu, guretzako positiboa izan da. Hala ere, gazteen kasuan hutsune bat dago, Astigarragari dagokionean. Gazteek ez daukate militatzeko gogoa, eta horrek arduratzen gaitu». 

Beraz, biharko Dantzari Txiki Egunera bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei, eta horrez gain Astigar taldearekin modu batera edo bestera lotura duten haiei amaiera ekitaldiaren ostean argazkia ateratzeko gerturatu daitezela ere gogorarazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!