Maila haundiko proben podiumean, Eneko Olveira eta Aimar Capdequi

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 20a, 00:00

Eneko Olveira (ezkerrean), David Camposekin eta Dario Silvestrerekin batera.

Superprestigio MTB proban bigarren izan zen Olveira Lizarran, eta Araiako lasterketan hirugarren Capdequi.

Balentria ikaragarria lortu zuen Eneko Olveira astigartarrak, igan­dean, Lizarran: bigarren izan zen Superprestigio MTB proban, oso maila haundiko partehartzea izan zuen lasterketan. David Campos soilik izan zuen aurretik, Munduko Kopako probetan aritzen dena elite mailan.

Euskadiko selekzioak deituta aritu zen Olveira Lizarran, eta hasieratik erakutsi zuen podiuma lehiatzeko asmoz joan zela. Camposek berehala ihes eginda, astigartarra uneoro izan zen lau onenen artean. Berak eta Dario Silvestrek bi itzuliren faltan zabaldu zuten tartea gainerako lehiakideekin, eta nafarrarekin jokatu zuen bigarren postua astigartarrak, azkeneko itzulian. Silvestreren erasoei bikain eutsi zien, eta eraso bortitza jo zuen azkeneko igoeran, ihes egin eta helmugara bigarren iristeko. Horrela, gainera, bera izan zen nagusi 23 urtez azpikoetan.

 

Aimar Capdequi hirugarren, Araiako San Pedro Sarian

Mendiko bizikletarekin ez, errepidekoarekin lortu zuen meritu haundiko podiuma Aimar Capdequi astigartarrak, larunbatean: hirugarren izan zen Araiako San Pedro Sarian, jubenil mailako Euskal Herria torneoari zegokion proban. 

21 txirrindulariko talde batek jokatu zuen garaipena esprintean, eta bere abiadura erakutsi zuen astigartarrak, emaitza ederra lortzeko, Eñaut Urkaregiren eta Iñaki Lopezen atzetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!