Egun berezia izan zen atzokoa Astigarragan. Euskaraldiaren aitzakian, festa haundia ospatu zuten Foru plazan, eta herriko txoko askotara zabaldu zuten parranda giroa. Kirol ikuskizunak, bertsoak, otordua eta parranda; ba al da plan hoberik?
Goizeko 11:00etan hasi ziren pala eta pelota partiduak Txomiñenen. Mundarroko eta Hernaniko pelotarien arteko lehia izan zen bertan. Bi partiduak oso berdinduak irten ziren, eta bietan etxeko laukoteak lortu zuen garaipena. Hala ere, emaitza gutxienekoa zen atzoko jardunaldian.
Nabaria zen hori botilleroen umore puntuan. Agin Laburu izan den Mundarroko pelotarien laguntzailea, eta Andoni Rekondok eman zizkien aholkuak hernaniarrei. Atsedenaldi bakoitzean bertso saioxkak egin zituzten bi bertsolariek, eta agerian geratu ziren bataren zein bestearen nahiak eta ezinak.
Pala eta pelota partiduen ondoren, giza probarekin eman zioten jarraipena egitarauari. Festa giroan bai, baina lan gogorrak egin behar izan zituzten parte hartzaileek. Osagaiak ondorengoak: hamabost minutu, zazpi pertsona eta 600 kiloko harritzarra.
Denbora horretan ahalik eta plaza gehien egin behar zituzten Hernaniko eta Astigarragako gazteek, eta ederki gorritu zitzaien muturra haietako batzuei. Jende ugari elkartu zen Foru plazan herrikideei animoak ematera, eta Antton Arkak, mikrofonoa eskuan, ederki aletu zituen plazako gertaera guztiak.
Kirol saioen ondoren, bazkaria
Indarrak gastatu ahala, garrantzitsua da berritzea. Kirol ikuskizunak bukatuta, bazkari eder baten bueltan elkartu ziren 90 pertsona. Pelotalekuan bertan jarri zituzten mahaiak, eta eguraldia lagun, menu ederra dastatzeko aukera izan zuten: entsalada eta paella. Bazkalosterako giro beroa zegoen Txominenen, eta orduantxe hasi zen parranda giroa berotzen. Deiadar txarangako kideak arratsaldeko 17:00etan zabaldu zituzten parrandazale guztiak herrian barrena, eta arratsaldean zein gauean Ezten Giro erromeria taldeak girotu zuen Astigarraga.
Hortik aurrerakoak, badaezpada, ez ditugu kontatuko.
[Eguneko argazki galeria goizean zehar jarriko dugu ikusgai]