Martxa ederrean doa Astigarragako Lurraldia. San Isidro egunean ekin zioten festari, eta bihar arte izango da Goldeak eta Baratze Elkarteak prestatutako jarduerekin gozatzeko aukera. Orain arteko ekintzetan jende ugari elkartu da, eta antzeko mugimendua espero dute gaurko eta biharko hitzorduetan.
Arratsaldeko 17:30etan jarri dute gaurko hitzordua, Joseba Barandiaran plazan. Jarduera, ordea, ez da bertan izango: Astigarragako Taula baserria bisitatuko dute. Astigarragako zenbait familiak baserriko lana eta bizimodua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute, etxekoen azalpen zehatzekin. Bisita gidatuan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea alkatetza@astigarraga.eus helbidera idatzita edo 943 33 52 40 telefono zenbakira deituta.
Arratsaldeko saioaren ondoren, Emakumeon plazan izango du jarraipena Lurraldiak. Ezten Giro erromeria taldeak bi emanaldi eskainiko ditu bertan; lehenengo 19:00etatik 21:00etara, eta bigarrena 22:30etatik 00:30etara.
Ilarraren azokak hartuko du bihar goizean Foru plaza
Ilarraren azoka jendetsuarekin amaituko da aurtengo Lurraldia ere. Goizeko 10:30etatik aurrera postu ugari jarriko dituzte Foru plazan, eta herriko nekazarien produktuak eta abeltzainen ganaduak ikusteko aukera izango da.
Horrez gain, pintxo eta sagardo dastaketa eta bisita gidatuak ere egingo dituzte azokan bertan.
LURRALDIAASTIGARRAGA GAUR 17:30 Taula baserrira familien bisita. Joseba Barandiaran plazatik abiatuta. 19:00 eta 22:30 Ezten Giro erromeria. Emakumeon plaza. BIHAR 10:30 Ilarraren azoka eta herriko baserrietako ganadu erakusketa. |