Lau metroko erraldoiak iritsiko dira gaur Iruñetik, eta Astigarragako kaleetan barrena ibiliko dira beste lau kilikiren laguntzaz. Eguerdiko 12:00etan abiatuko dute itzulia, Foru plazatik. Nafarroako erraldoi hauek, zehazki, naturako elementuak irudikatzen dituzte: Lurra, Sua, Ura eta Airea. Eta, Napoleón, Payaso, Pamplonica eta Demonioren laguntzaz osatzen dute bidea. Pertsonaia guzti hauek osatzen dute Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien Konpartsa.
2001ean sortu zen irabazi asmorik gabeko konpartsa hau, gaur egun, erraldoi-eramaileek, kiliki-eramaileek eta musikariek osatzen dute. Luzeran lau metro osatzen dituzten lau erraldoi dira protagonista: Lurrak, emakumezko irudia du, berdez jantzita doa, lorez, galburuz eta harriz apainduta. Suak, gizonezko irudia du, gorriz janzten da eta uztaia eta gezia darama. Aireak ere gizonezko irudia du, koroa buruan, antzinan esentzientzat erabiltzen zen tresna eskuan eta besoetatik zapi luzea zintzilik, airearekin laztantzen dena. Azkenik, Urak emakumezko irudia du, urdinez eta horiz janzten da, eta itsasoko ezaugarriak daramatza soinean, besteak beste, koroa, lepokoa eta lusuila.
Nabarreriako Kilikiak dira lauak, eta 1975. urtean erosi ziren buruhaundi hauek, «bizilagun guztien esfortzuari esker eta oso pertsona berezia den Eulogioren laguntzari esker», azaldu dute. Kilikiak izena, «urtetan zehar gaur egun San Fermin Txikito bezala ezagutzen diren Nabarreriako edo Aldapako San Ferminen jaiak animatu dituztelako eman zaie», gaineratu dute.
Konpartsaren jardunaren artean, kale animazioa eta erraldoien ohiko dantzak gailentzen dira: kalejirak, baltseak, koreografiak…txikien gozamen handiagorako kilikiek lagundurik.