Lezoko Apaiziartza baserrian topatu dugu Ioritz Mitxelena oiartzuarra, bertako Josetxo Lucas baserritarrarekin batera lanean. Belarra mozten, sasiak garbitzen, hesiturak egiten, baratza lantzen... Datorren astetik aurrera, ordea, beste baserri batean ariko da Mitxelena, beste norbaiti laguntzen.
Horixe baitu bere lana: baserritarren ordezkapenak egitea, eta lan zama haundia daukatenean laguntzea. Oarsoaldean jarri zuten zerbitzua martxan joan den urtean, eta Astigarragara zabaldu dute orain, Aldundiak eta udalek finantzatuta, eta Behemendik kudeatuta.
«Normalean izaten da bajak eta oporrak kubritzeko, eta lan kolpe haundiak daudenean laguntzeko», azaldu du Mitxelenak: «Behemendik baserritar guztiei helarazi zien zerbitzuari buruzko informazioa eta nire kontaktua, eta laguntza behar dutenean, niregana jotzen dute zuzenean. Telefonoz deitzen didate, eta nire egutegia osatzen dut, denei zerbitzua ematen joateko». Edozein baserritarrek dauka zerbitzua eskatzeko aukera, laguntza behar duen garairako: «Kasu askotan, pertsona bakarra izaten da baserria ustiatzen, eta bakarrak dena egitea sekulako lana izaten da, garai batzuetan bereziki».
Bi asteko egonaldiak egin ohi ditu Mitxelenak baserri bakoitzean: «Hala planifikatzen dut egutegia. Hori bai, norbaitek baja hartuz gero, berak dauka lehentasun osoa. Esku artean daukadan lana utzi, eta horri heltzen diot zuzenean, bajak iraun bitartean. Orain arte ez zeukaten aukerarik, gaixo jarri edo min hartuz gero, ordezko bat izateko. Lanean segi behar izaten zuten, edo jarduna eten», argitu du.
«Momentu jakin batzuetan gaindituta sentitzen gara, eta ezinbestekoa da neke fisikoa eta estresa arintzea»
Une honetan, irailaren 15era bitarte dauka osatuta egutegia Mitxelenak, Astigarragako eskaeraren bat tartean: «Baserritarrek konfiantza hartu dute, gustura daude ordezkapen zerbitzu honekin, eta ni pozik». Gainera, horrek garbi erakusten du badagoela laguntza beharra baserrietan, Josetxo Lucasen ustez: «Nekazarion arazo nagusiak dira lan karga izugarria eta kontziliaziorako aukera gutxi. Hortaz, horrelako ordezkapen zerbitzu bat norabide oneko erraminta da. Garrantzitsua da aukera hau izatea, lan zama haundieneko garaiak arintzeko. Badira momentu jakin batzuk lanez lepo gabiltzanak, eta gaindituta sentitzen gara. Lana arintze horrek dakar, neke fisikoa arintzea ez ezik, baita estresa gutxitzea ere, eta hori ezinbestekoa da. Gainera, lasaitasuna ematen du ordezkoaren figurak, baja hartu behar duzunerako. Badakizu zerbait gertatuz gero babes hori daukazula».
Bere kasuan, oporraldi bat kubritzeko eskatu dute Mitxelenaren laguntza: «Orain arte aukera gutxi izaten genuen horretarako. Nekanek eta biok ustiatzen ditugu bi baserri, Apaiziartza eta Urrullo; eta Nekaneren oporraldia ordezkatzeko eskatu genuen zerbitzua», dio Lucasek.
«Oso erraza da Ioritzekin lan egitea; berehala hartzen dio tankera, egin beharrekoari»
Zerbitzuarekin oso pozik agertu da baserritar lezoarra: «Lehendik ezagutzen genuen Ioritz, eta oso erraza izan da berarekin lan egitea. Gainera, bera trebatuta dago ortugintzan, eta horrek erraztu egiten du dena. Lanak aztertu, eta berehala hartzen dio tankera. Oso gustura gaude berarekin».
Ordezkapenekin hasi zenean, Ioritz Mitxelenari ematen zion errespetu pixka bat, nola hartuko ote zuten: «Baina aritu naizen toki guztietan, errespetu haundiz eta beso zabalik hartu naute. Berehala hartu dugu konfiantza, eta oso gustura aritu naiz beti. Ni ez naiz pertsona bat gauza guztietaz dakiena. Baratze munduan aritu naiz, eta horrekin ondo moldatzen naiz. Behiekin edota ardiekin, berriz, ez naiz aritu. Nahiz eta baserrian jaiotakoa naizen, Iturriotzeko Garmendi Txikikoa, animaliak ez dira izan nire pasioa. Eta orain ari naiz lan batzuk ikasten, egin ahala».
Kontuak kontu, urte honen hasieran hasi zen bera ordezkapenak egiten, eta 10 bat baserritan aritu da, mota guztietako lanetan. «Txakolinarekin aritu naiz, kimaketak egiten zein biltzen; behiak eta ardiak jezten ere bai; eta baratzeko lanetan. Eta hortik aurrera, edozein eginbeharretan: belarra moztu, hesiturak egin, garbiketa lanak...».
«Honek lagundu dezake gazte gehiago animatzen, baina ekimen gehiago behar dira»
Errelebo falta «ikaragarria» dago baserriko lanetan, eta horrelako zerbitzuek jarri dezakete bere aletxoa, bide horretan: «Lagundu dezake gazteak animatzen, baina askoz ere gehiago behar da», adierazi du Mitxelenak. «Hasteko, nekazaritza baloratu behar da txiki-txikitatik, eskolatik hasita. Konturatu behar dugu zerbait garrantzitsua dela, eta gaur egun gizartean ez dago horrela ikusita. Ba ote dago ezer, sano jatea baino garrantzitsuagorik? Ez zaio balioa ematen. Galtzen ari da, orain dabiltzanak uzten ari dira, eta horrela jarraituz gero desagertu egingo da».
Ideia horretan sakondu du Josetxo Lucasek: «Instituzioak eta herritarrak gehiago inplikatu behar dira elikadura burujabetzan. Askotan hartzen dugu nekazarion zama bezala, baina elikadura burujabetza denon afera da. Oso nabarmena izan zen, pandemia suertatu zenean, gorakada izan zutela bertako produktuek. Mugak itxi ziren, ez zen kanpoko jana iristen... Eta herritarrengan nolabaiteko kontzientzia piztu zen, baina gerora itzali egin da berriro».
Berak ere uste du ordezkapen zerbitzua bezalakoek lagundu dezaketela hurrengo belaunaldiak animatzen, baina garbi dauka ekimen gehiago behar direla: «Edozein lanetan bezala, lan baldintza duinak behar ditugu, eta horretara joan behar dugu. Mahai sektorialak antolatu behar dira elikadura burujabetzaren inguruan, aztertzeko zein erronka dauzkagun. Nahi badugu lehen sektore bizi bat eduki, ezinbestekoak dira horrelako ekimenak eta inplikazio gehiago».
Eta beste puntu garrantzitsu batean ere jarri dute azpimarra: «Burokrazia ere zama haundia da, lehendik daukagun lan zamari gehitzen zaiona. Koaderno digitala, TicketBai... Adinekoentzat izugarria ari da izaten, ez baitaude trebatuta. Neronek ere zailtasunak dauzkat horiekin», azaldu du Josetxo Lucasek. «Lehen sektorearen mobilizazioetan, hori izan da aldarrikapen nagusietako bat, burokrazia hori arintzea eta murriztea».