Gaur ospatuko dute bailarako baserritarrek euren eguna, San Isidro eguna. Urteroko legez, egitarau oparoak prestatu dituzte Hernanin eta Astigarragan, eta festa giroa nabarmena izango da Tilosetan zein Foru plazan.
Astigarragan egun osoko festarekin ospatuko dute San Isidro. 09:30etan ekingo diote egitarauari, Xabi eta Joxan trikitilariekin eta plaza lepo beteko da eguerdirako idi dema ikusteko. Aurtengoan Matxain, Areta eta Mixiyua arituko dira aurrez aurre, 1.640 kiloko Atxitxe harriarekin.
Ikusi beharrekoak ikusita, 13:00ak aldera hasiko dira goizak eman duena aletzen Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak. Aurtengoan Etxeluze baserriak jasoko du 'Baserri Bizia' izendapena eta omenaldia.
Hernanin Tiloseta izango da festaren erdigunea, eta zenbait kirol ikuskizunekin gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Pala eta pelota partiduak eta herri kirol saioa egingo dira bertan.
Bertsorik ere ez da faltako Tilosetan Andoni Mujika 'Anatx' eta Libe Goenagarekin. Ondoren, Udaleko ordezkariek oroigarriak emango dizkiete Balantxa baserriko omenduei.
SAN ISIDRO ASTIGARRAGA 09:30 Xabi eta Joxan trikitilariak. 10:00 Prozesioa, meza eta ondoren hamaiketakoa Gure Izarra elkartean. 11:00 Hamaiketakoa Gure izarran. 12:15 Idi dema: Matxain, Areta, eta Mixiyua, 1.640 kiloko Atxitxe harriarekin. 13:00 Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak. 14:30 Herri bazkaria eta 'Etxeluze' Baserri Biziari merezitako esker ona ematea. 19:00 Ilar pintxo potea (Beti Goxo, Bukoi, Ibailur, Ikatza, Kaizoku, Kizki, Kupela, Laket, Pastoriza, Sagartxo eta Zipotza. 21:30 Sari banatzea ilarrarekin egindako pintxo hoberenari. HERNANI 11:00 Meza San Joan Batailatzailearen elizan. 11:30 Emakumezkoen goi mailako pala partidua. Ondoren, omenaldia Balantxa baserriari eta bertsolariak. Ondoren, gizonezkoen goi mailako pelota partidua. Amaitzeko, herri kirol saioa. 14:00 Baserritarren bazkaria Goiz Eguzkin. 19:00 Eukalyptus antzerkia Biterin. |