Lurraldiak baserria kalera hurbilduko du lau egunez eta aitortza egingo zaio

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 13a, 00:00

San Isidro egunarekin eta ilarrarekin egindako pintxo potearekin hasiko da ostegunean eta igandean amaituko da Foru Plazan Ilar Egunarekin, ganadu erakusketarekin eta azokarekin. «Lurra babesteko eta baserritarren lana balioan jartzeko» antolatzen da.

 

Lurraldearen eta herritarren premiak uztartuz dator aurtengo Lurraldia, laugarren urtez jarraian. Izan ere, Goldea eta Baratze elkarteek Udalarekin elkarlanean, «gure lurra babesteko eta baserritarren lana balioan jartzeko» herri ekimena antolatzen dute. Osteguneko San Isidro egunarekin batera hasiko da eta igandera arte luzatuko da.

Xabier Urdangarin alkateak adierazi zuenez ekitaldiaren aurkezpenean «Lurraldia Baserritarren Mahatik etortzen da San Isidro eta Ilar Azokaren inguruan. Aitortza egiten zaio baserriari balioan jartzeko herriari egiten dion ekarpena». Lurraldiaren helburua «baserria kaletarrei hurbiltzea da eta bide hori erraztea eta horretarako jai giroko ekitaldiak antolatzen dira. Azoka, ganadua, ilarra, pintxo pote berezia...».

 

Etxeluze baserria omenduko da San Isidro egunean

Ekintzak asko dira eta lotura asko dituzte nabarmentzen du Goldeako Antton Arkak. «Jai girokoak aukeratu dira propio. Dira garai bateko erromeriari lotuak, Ezten Giroak taldearekin eta Ines Osinaga eta ahizpak taldeak musika emanaldia eskainiko du Oiarbide baserrian. Ines biologoa da, natura babesteteko kontzientzia dago bere musikan. oso esperientzi polita izango da».

San Isidro eguna ospatzen 35 urte daramatza Goldeak urteroko egiturarekin. «Astigarragan 15 baserri daude jarduera ekonomikoa daukatenak eta horietako bat omenduko dugu, Etxeluze. Nabarmentzeko adibidea da. Familia osoa baserriko lanarekin lotua dago. Gainera, seme gazteena, Aitor, jarraitzekotan dago eta hori da bultzatu nahi duguna. Etxeluze baserriak dituen ustipaen jarduerarik nagusienak abeltzaintza eta basolanak dira. Langintza horiek egin ahal izateko, hiru bat hektarea dauzkate, bi larrerako eta bat basorako. Abelzaintzaren arloan, bost behi, haragitarako zazpi txekor eta zezen bat dituzte. Ander eta Aitor mendi lanetan aritzen dira eta menditan egurrak jaso eta baserrian hesolak (estakak) prestatzen dituzte. Urtean 14.000 hesola egiten dituzte».

Baserritan egongo den belaunaldien arteko aldaketa bultzatu nahi dute Baserritarren Mahaian. «Esperientzia pilotoak ari gara lantzen. Zer gertatuko den eta nork ordezkatuko duen behar diren bitartekoak jartzeko».

Kaletarrei ere baserria hurbiltzeko bisita antolatuko da larunbatean, Taula baserrira. «Elena Etxeberriak bertako nekazaritza ekologiko lanak erakutsiko dizkie bisitariei».

 

Ilarraren eguna igandean izango da

Ilar astea etzi hasiko da ohiko pintxopotearekin, Astigarragako hamabi tabernetan. Baratze elkarteko Periko Garmendiak eman zituen xehetasunak. «Guk ilarra eman eta pintxoa ilarrarekin egin behar da. 2kilo t'erdi ilarrarekin egin behar dituzte hiru pintxo eta Fede Pachako epamahiak erabakitzen du garailea. Bisita gidatua bertan behera geratu da ilarra izorratu egin delako aurten, baina izango da ikasleentzako dastaketa ilarra zer den ezagutzeko. Baratzen 17 ilar mota lantzen ditugu». 

Igandean, Goldearen laguntzarekin ilar eguna antolatuko da eta «ganadu erakusketa izango da. Ilarrarekin egindako pintxoak ere dastatu ahalko dira. Barazkiak jarriko dira salgai eta azokak eguerdira arte iraungo du». 

Ganadu erakusketa Foru Plazan izango da eta neurri zorrotzak hartzen dira ganadua babestua egon dadin. «Plazetxe, Larrabide, Egiluze, Guardi, Gartziategi, Zimelurritza, Zimelurritza Borda eta Iriarte baserriak jarriko dituzte 35 bat ganadu buru mota ezberdinetakoak: Behiak, idik, ardik... denetatik apur bat».

 

«Landa eremurako dirulaguntzak jarri nahi ditut balioan»

Jai giro horrez gain atzean egiten diren gauza asko jarri nahi ditu balioan Xabier Urdangarin alkateak. «Hor aipatu nahi nituzke lehen sektorera bideratzen ditugun diru laguntzak. 30.000 euro eta ondo funtzionatzen duen diru partida da. Baita bide publikoak eraberritzeko eta mantentzeko lanak, argiteria, saneamendua, giza baliabideak...». 

Horretan guztian udalaren atalez ateleko ekarpen ekonomikoa honako da 2025ean: Herri bideen hobekuntza eta mantentze lanak: 178.132,80 euro; bide garbiketa, Behemendi: 42.350 euro; argiteria landa eremuan: 15.000 euro; dirulaguntzak, lehen sektoreari: 30.000 euro; dirulaguntzak arlo horretako elkarteei: 25.000 euro; Behemendi, hainbat zerbitzu (liztor asiatikoen kudeaketa, ordezkapen sistema...): 42.500. euro; Umako-ko azoka eremua: 320.000 euro.

 

Urtero-urtero mantentze eta hobetze lanak

Urtean zehar Baserri Mahaia batzordean eta elkarte bakoitzean egindako ahaleginak ikusteko aukera zabala izango da. Ildo horretan, honako ekimen hauek bereizten dituzte, besteak beste: Baserritarren azpiegitura eta baliabide-beharrak asetzeko emandako dirulaguntzak. Landa-eremuan sortutako bost biztanle-entitate bereziak kontuan hartuta (Mendiaundi, Txoritokieta, Perurena, Santiomendi eta Oialume).

Umako azokagunearen egitura sortzeko lanei ekitea, herritarrei zuzenean eskaintzeko tokiko baserrietako produktuak. Une honetan, Udala proiektua ixten ari da, obrak egiteko lehiaketa uda baino lehen jarriko da martxan eta obrak 2025. urtearen amaieran hastea aurreikusten da. Azoka gisako salmentarako gunea izango da, beharrezko zerbitzuak dituena, bertako produktuen salmenta zuzena duintasunez eta erosotasunez egin ahal izateko.

Herriko baserri guztien errolda-fitxa digitalak. Horietan, baserri bakoitzak bere historiari, ondareari, jarduerei, eraikinaren bilakaerari eta abarri buruzko datu-base espezifikoa izango du, argazkiekin batera.

Azpimarratzekoak dira Lurraldiak bultzatutako jardunaldi eta ekimenen kontzientziazio eta suspertze lanak, laugarren urtez jarraian.


SAN ISIDRO MAIATZAK 15

ASTIGARRAGA

09:30 Xabi eta Joxan trikitilariak.

10:00 Prozesioa, meza eta ondoren hamaiketakoa Gure Izarra elkartean.

11:00 Hamaiketakoa Gure izarran.

12:15 Idi dema: Matxain, Areta, eta Mixiyua, 1.640 kiloko Atxitxe harriarekin.

13:00 Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak.

14:30 Herri bazkaria eta 'Etxeluze' Baserri Biziari merezitako esker ona ematea.

19:00 Ilar pintxo potea (Beti Goxo, Bukoi, Ibailur, Ikatza, Kaizoku, Kizki, Kupela, Laket, Pastoriza, Sagartxo eta Zipotza.

21:30 Sari banatzea ilarrarekin egindako pintxo hoberenari. .

MAIATZAK 16, OSTIRALA

09:00 Astigarragako baratzen bisita Herri Eskolako haurrentzat eta inguruko ikastetxeentzat.

19:00 INES Osinaga eta ahizpak taldea musika emanaldia Oiarbide Baserrian.

MAIATZAK 17, LARUNBATA

17:30 Taula baserrira familien bisita, Joseba Barandiaran Plazatik abiatuita.

19:00-21:00/22:30-00:30 Ezten giro erromeria. Emakumeon plazan.

MAIATZAK 18, IGANDEA

10:30-14:00 Ilarraren azoka, erakusketa, dastaketa, salmenta... Herriko baserrietako Ganadu erakusketa.

 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!