Bideratuta utzi zuen kanporaketa Astigarragak Txomiñenen, hiru partiduak irabazita; eta ezustekorik gabe jarri zion errematea Zegaman, bueltakoan: hiru partiduetatik bi irabazi, eta final zortzirenetara sailkatu da Herriarteko Txapelketan.
Aurreneko partiduan bertan ziurtatu zuen pasea: Imanol Ormazabal eta Oier Galarraga astigartarrek 22-14 menderatu zituzten Zegamako Landa eta Ormazabal, kadete mailako partiduan. Jubenilek jaso zuten astigartarren porrot bakarra: 11-22 galdu zuten Enaitz Isastik eta Aimar Zabalak, Errastiren eta Izagirreren kontra. Baina Xuban Goñi eta Oier Gurutzealde seniorrek beste garaipen batekin eman zioten bukaera kanporaketari: 22-16 menderatu zituzten Galdos eta Telleria.
Gauzak horrela, Beasainen kontra jokatuko du Astigarragak final zortzirenetan, datorren asteburutik aurrera.
Hernanik Usurbil kontrario, final zortzirenetan
Final zortzirenak hastearekin, lehian sartuko da Hernani ere. Ostiralean ezagutu zuten kontrarioa: Usurbil izango da, Eibarren kontrako kanporaketa irauli ondoren. Usurbildarrek 1-2 galdu zuten joanekoan, baina bueltako hiru partiduak irabazi zituzten, eta nagusitasunez egin zuten aurrera.