Espainiako eta Bizkaiko puntako lasterketetan ari da Eneko Olveira denboraldi honetan; baita onenen artean aritu ere, elite mailako probetan estreinakoz lehiatu arren. Joan den asteburuan, baina, etxetik gertuago aritu da, Oiartzunen. Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuen larunbat goizean, eta garaipena lortu zuen astigartarrak, OTXE bere taldeak antolatutako lasterketan.
Elite mailako proban nagusitu zen Olveira, Gexan Albisu taldekideari aurrea hartuta. Elkarrekin osatu zuten probaren zati haundiena, baina bukaeran ihes egin zion astigartarrak, eta 1:21:06 denborarekin irabazi zuen, Albisurekin 21 segunduko aldea lortuta. Unax Lombraña izan zen hirugarren, 2:58ra.
Eliteko proba irabazi arren, hori bai, 23 urtez azpikoetan aitortu diote Gipuzkoako Txapelketa Olveirari, kategoria horretakoa izanik. Albisu izan da eliteko txapeldun.
Aurreko asteburuan laugarren Bilbon, maila haundiko proban
Astebete lehenago, maiatzaren 4an, Green Series txapelketako laugarren proban aritu zen Eneko Olveira, Bilbon. Laugarren sailkatu zen elite mailako lasterketan, maila haundiko txirrindularien artean. Jofre Cullell, Nathan Célié eta Hugo Franco bakarrik izan zituen aurretik, eta bigarren izan zen 23 urtez azpikoen artean, Francoren atzetik.
Alde haundiarekin nagusitu zen Cullell, ohikoan Munduko Kopako probak lehiatzen aritzen dena. 2 minutu eta 55 segunduren tartea izan zuen Célié bigarrenarekin, eta 3:14koa Francorekin. Lau minutura iritsi zen Olveira, maila bikaina erakutsita.
Emaitza horrekin, gainera, Green Series txapelketako bigarren postura igo da astigartarra, 450 punturekin. Célié soilik dauka aurretik, 500 punturekin. Hiru proba falta dira jokatzeko: maiatzaren 25ean Barakaldon, ekainaren 8an Ollarganen, eta ekainaren 22an Lezaman.