Astigarragako Udaleko Osoko Bilkuran puntu guztiak onartu ziren asteartean, zenbait gaitan adostasunik izan ez zen arren. Udal Gobernuak 2025eko zerga fiskaletan egindako aldaketen berri eman ostean, onartuta gelditu ziren, EAJren eta PSE-EEren abstentzioekin. Bigarren puntu hori onartuta, 2024ko aurrekontuen likidazioen berri eman zuen Xabier Urdangarin alkateak, «defizitaren helburua betetzat» ematen dela azpimarratuz. Jarraian, kreditu txertaketari buruz jardun zuen Astigarragako alkateak, egindako gastuak, transferentzia arruntak edota inbertsio errealak azalduz: «Besteak beste, udaltzaingoaren ibilgailurako 56.870 euro behar dira, eta bidegorri sarea haunditzeko 200.000 euro». EAJk adierazi zuen, udaltzainen aldagelentzako partida bat gehituko lukeela.
Bi adierazpen instituzional proposamenak, onartuta
Bi adierazpen instituzional proposatu zituen EH Bilduk, jarraian. Aurrenekoa Zubietako erraustegiak eragin duen kutsaduraren ingurukoa zen, eta ondorengoa eskatu zuten, besteak beste: «Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamenduari eta GHKri eskatzea beharrezko diren argibide eta azalpen guztiak eman ditzatela. Eta, era berean, dagozkien neurriak har ditzatela, Zubietako erraustegiak legeak baimendutako mailaren gainetik substantzia kimiko toxikoak isurtzeari utz diezaion».
Bigarren adierazpena, Euskaraldiari buruzkoa izan zen, eta honakoa adierazi zuen gobernu taldeak: «Euskaraldia ekimena babestu eta herri bezala parte hartuko dugu ariketan. Gizartean eta herrian bertan Euskaraldia sustatuko dugu, ariketarekiko atxikimendu publikoa erakutsiz; Udalean euskeraren alde urrats esanguratsuak eman eta ikusaraziko ditugu; eta azkenik, herri entitateei Euskaraldian izena eman eta parte hartzeko gonbidapena luzatu diegu».