Hirugarrenez jokatuko dute gaur, Astigarragan, junior mailako txirrindularitza proba. Arratsaldeko 15:00etan hasiko da Iruki Saria, eta Tranbia ibilbidean izango du irteera eta helmuga. 90,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute partehartzaileek, eta 17:15etarako aurreikusi dute probaren bukaera.
Hiru itzuli emango dizkiote 30 kilometroko zirkuituari. Tranbia ibilbidetik Hernanirako bidea hartuko dute, eta Karabel, Portu eta Osiñaga auzoetan ibiliko dira, Goiko Lastola sagardotegiraino. Poligonoan barrena hartuko dute bueltako bidea Astigarragara, eta herria zeharkatuta, Portutxoko errotondan Perurenarako bidea hartuko dute, tuneletik. Oiartzun aldera jaitsi, eta Errenteriatik berriro igoko dira Perurenara, Zamalbidetik, Astigarragara bueltatzeko.
Horrela, helmugara iritsi aurretik, beste bost bider ere pasako dira txirrindulariak Tranbia ibilbidetik, eta tarteko helmugetako saria izango da jokoan, bost aldi horietan puntuak banatuta. Mendiko saria, berriz, Perurenako mendatean jokatuko da. Sei aldiz igoko dute Perurena: hiru bider Zarkumendegiko aldetik, eta beste hirutan Zamalbidetik etorrita. Helmugatik 6,4 kilometrora izango da azkenekoa.