2017az geroztik, Udalak hitzarmen baten esparruan kudeatu eta erabili ditu apaizetxeko etxebizitzak. Azken urteotan, bereziki, hobekuntza ugari egin dira apaizetxean, obrak eta etxebizitza berriak egokitu dira, eta, une honetan, apaizetxeak lau etxebizitza ditu.
Aurten hitzarmen bat sinatu beharrean, alokairu-kontratu bat sinatu da, eta, horren bidez, Udalak epe luzerako lau etxebizitzak erabili ahal izatea lortu du, zehazki 10 urterako.
Udalak urtero 10.000 euro emango dizkio Parrokiari etxebizitzak erabiltzearen truke, eta ohiko gastuak ere Udalak hartuko ditu bere gain (tasak, zegak eta etxebizitzaren ohiko gastuak). Kudeaketari dagokionez, azken urteetan bezala egingo da, udal gizarte zerbitzuek kudeatuko dituzte eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei eskaintzeko izango dira, harrera, larrialdi edo etxebizitza sozial gisa.
Udalak oso positibotzat baloratzen du lau etxebizitza horiek epe luzera hartzeko hartutako akordioa, oso baliabide baliotsua baita herritarrei laguntzeko eta herrian sortzen diren behar sozialak asetzeko.
Elikagaien banaketa
Astigarragako Udalak martxoan berritu zuen elikagaiak kudeatu eta banatzeko Astigarragako Parrokiarekin duen hitzarmena.
Hitzarmen horren baitan, udaleko gizarte zerbitzuek familien eta herritarren egoera aztertzen dute, eta elikagaiak jasotzen dituzten pertsonen zerrenda osatzen dute. Ondoren, zerrenda Parrokiari ematen diote eta bera arduratzen da zerrendan dauden pertsonei elikagaiak banatzeaz.
Udalak 3.600 euroko dirulaguntza ematen dio Parrokiari, kudeaketa eta banaketa gastuak kubritzeko.
Udalarentzat ere garrantzitsua da hitzarmen hori, herritarrei eta familiei laguntza emateko gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten zerbitzu eta programen osagarri baita.