Herriko gazte batek kontatu dit Bizkaitik laguna etorri zaiola koadrilarekin sagardotegi planean Astigarragara. Urteroko ohitura. Aurten, aldiz, bazkal aurreko poteorako, autobusak Zarautza eraman dituela esaten zidan, eta, ondoren, zuzenean sagardotegira. Astigarraga zapaldu ere egin gabe. Kontua da ez dirudiela kasu bakana: sagardo boladaz gozatzera etorri ohi diren koadrilen artean gertatzen ari omen da. Dirudienez, kontratatutako autobusak beste herriren batera jotzen dute bazkal aurreko poteoa egitera, eta ondoren zuzenean egiten dute sagardotegira. Gure tabernetan tragoxkarik ere hartu gabe. Hori ikusita, hainbat ostalariri galdetu diet ea nola ikusten duten, txotx bolada honetan euren tabernetan beherakadarik antzeman ote duten. Baietz, beherakada nabarmena somatu dutela.
Zer gertatzen ari da, alde batetik sagardoa eta txotx garaia sustatzen dituztela, eta, bestetik, bisitariak Astigarragatik uxatu? Hala baldin bada, ez dakit herrian tabernarik geldituko zaigun, gehienek txotx garaiko diru-sarrerei esker bizirauten dute eta.