Urtero bezala, erabateko etenaldia izan dute kultur emanaldiek Aste Santuko oporraldian, bailara osoan. Datorren astearen bukaeran izango dira bueltan, eta dantzaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute astigartarrek, Erriberan.
Izan ere, 'OTS' dantza ikuskizuna eskainiko du Haatik taldeak, apirilaren 26an, larunbatez; eta 'Scrooge eta mamuak' haurrentzako antzezlana izango da hurrengo egunean, Khea Ziater konpainiaren eskutik.
Iluntzeko 20:00etan izango da 'OTS' ikuskizuna. Jone San Martin dantzari eta sortzaile donostiar ezagunak sortutako koreografia da, eta euskal dantza izan du inspirazio iturri. Zehazki, euskal dantzen mekanimoak baliatu ditu interprete bakoitzaren eta taldearen sentimendu intimo eta pertsonalagoak adierazteko tresna gisa. Ikuskizunerako sarrerak salgai daude dagoeneko, astigarraga.eus webguneko 'Sarrerak erosi' atalean: 8 euro dira helduen sarrera, eta 4 euro adin txikikoena.
'Scrooge eta mamuak' haur antzezlana, berriz, igande arratsaldeko 17:00etan hasiko da, eta euskeraz eskainiko du Khea Ziaterrek. Charles Dickensen 'Christmas Carol' eleberriaren egokitzapen librea da, egungo garaietara ekarritakoa. Antzezlanak uztartzen ditu kode zinematografikoak eta antzerkia, eta panpinak ere baliatzen ditu. Scrooge da protagonista, «diruarekin obsesionatuta dagoen bankari berekoia». Gau batez, hil berri den bazkide baten mamua agertuko zaio, eta salbatzeko azkeneko aukera eskainiko dio Scroogeri.
Antzezlanerako sarrerak ere, astigarraga.eus atarian daude salgai: adin txikikoenak 3 euroan, eta helduenak 6 euroan.