Pasa den larunbatean, Donostiako San Inazio elizan, Kantua eta Elkartasuna zikloa itxi zuen Eragiyok gizon abesbatzak, eta jende asko bildu zen bertan, «ia aretoa betetzeraino». Zaporeak elkartearen aldeko emanaldi honetarako programa potoloa osatu zuen Astigarragako abesbatzak, eliz musikarekin, errepertorio lirikoarekin eta euskal musikarekin.
Kideek azaldu dute, saioak hainbat pasarte nabarmen izan zituela: «Lehenengoa Madinaren ‘Aita gurea’ ezagun bezain ikusgarriarekin iritsi zen. Aipagarriak izan ziren errepertorio lirikoan egindako sartu-irtenak ere, berriki Irunen antzeztutako ‘Macbeth’ operaren pasartea barne». Euskal musikaren atalean, berriz, ‘Boga, boga’, 'Euskalerria' eta ‘Nere etxea’ moduko klasikoek izan zuten protagonismoa.
Kontzertu osoan zehar publikoaren txaloak izan zituzten lagun, «batik bat ‘Nire maitiarentzat’ eta 'Pilota partida bat’ piezekin». Oroigarri bana jaso ostean, ‘Agur zaharra’ abestiarekin eman zioten amaiera kontzertuari, «zapore bikainarekin».