Zehaztu dute zertarako izango den Emakumeon Etxea, eta baita norentzat eta norekin lan egin nahi duten ere

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 16a, 00:00

2024ko udazkenean egin zituzten hausnarketa saioetatik hainbat ondorio atera dituzte, eta hiru urteko ibilbidearen ostean, zehaztu dituzte aurrera begirako erronkak definitu eta horiei heltzeko egin beharreko ekintzak. 

Emakumeon Etxeak zenbait hausnarketa saio egin zituen 2024ko udazkenean, batik bat zehazteko espazioaren beraren nortasuna, erronkak eta helburuak. Saio horietatik hainbat ondorio nagusi atera dituzte, eta horiek publiko egin nahi izan dituzte.

Astigarragako Emakumeon Etxea herritarren zerbitzura dagoen egitasmoa da, Udalaren eta Emakumeon Etxearen artean kudeatutakoa, eta Astigarraga «berdinzale eta justuagoa» eraikitzeko bidean eragin nahi du. Bestalde, Udalak gogorarazi du «emakumeek hausnartzeko, formatzeko, ikasteko, elkar entzuteko eta ezagutzeko espazioa» dela. 

Hiru urteko ibilbidea osatu ostean, aurrera begirako erronkak eta horiei heltzeko egin beharreko ekintzak zehaztu dituzte, zenbait kide eta bazkideren artean.

Hiru galdera nagusi mahaigaineratu zituzten hausnarketa saio horietan, hasieratik: Emakumeon Etxea zertarako? Norentzat? Eta norekin egin nahi dugu lan? Galdera hauek sakon hausnartu eta ongi definitu ostean, lau erronka nagusi zehaztu dituzte. Alde batetik, komunitatea indartzeko erronka du­­te: Emakumeon Etxeko baliabideak erabiltzea sarea sortzeko, bazkideen aktibazioa eta ko­munitateko lana sustatzea, eta  baita herriko elkarteekin elkarlana bultzatzea ere. Horrekin batera, espazioa emakumeentzako erreferentziazko gune bihurtzea ere bada erronketako bat; hau da, espazioak emakume gehiagorengana iristeko bideak sortzea.

Beste erronka bat, formakuntza feministan sakontzea litzateke, komunitate feminista indartzeko, kontzientzia feminista zabaltzeko, indarkeria sexistari erantzuna emateko eta, orokorrean, prestakuntza feministan sakontzeko.

Eta azkenik, Emakumeon Etxea herrira hurbiltzeko erronka ere zehaztu dute. Horretarako, espazioa erakargarriagoa egin nahi dute, jendeak espazioarekiko dituen aurreiritziekin amaitu, eta espazioaren zabalkundea haunditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!