Ohorezko postuak pilatzen jarraitzen du Eneko Olveira astigartarrak, mendi bizikletako eliteko probetan aurreneko urtea duen arren. Oraingoan bosgarren izan da Ortuellan, Green Series torneoko hirugarren proban. Astigartarrak 1:32:08 denboran osatu zituen probaren bost itzuliak, 22,5 kilometro guztira. Hugo Francok (1:28:55), Eneit Vertizek (1:29:32) eta Nathan Céliék (1:29:37) osatu zuten podiuma.
Olveirak, gainera, gora egin du torneoko sailkapen nagusian, eta dagoeneko laugarren postuan kokatu da, hiru probetatik bi bakarrik lehiatu dituen arren. 300 puntu pilatu ditu astigartarrak, eta aurretik dauzka Ugaitz Arrieta (360), Nathan Célié (330) eta Egoitz Hoyas (316). Bilbon jokatuko da txapelketako hurrengo proba, maiatzaren 4an, Monte Avril inguruetan.