Eskaintza gastronomiko berezia eskainiko du Sagardoetxeak, Aste Santuko oporretarako

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 15a, 00:00

Ohiko bisitez gain, sagardoa eta Euskal Herriko gazten dastaketak eskainiko dituzte. Argazkia: Sagardoetxea.

Apirilaren 17tik 27ra bitarterako antolatu dituzte bisitak, helduentzat, gazteentzat eta haurrentzat. Aurten, gainera, sagardoaren eta Euskal Herriko gazten dastaketa bereziari emango diote indarra.

 

Betiko ohiturekin jarraituz, Sagardoetxeak zenbait ekintza antolatu ditu Aste Santurako, baina oraingo honetan, eskaintza gastronomiko berezia eskainiko du. Sagardoetxeak nabarmendu du, ohiko Sagardoetxeako bisita gidatuaz gain, sagardoa eta Euskal Herriko gazten dastaketaz gozatzeko aukera izango dutela bisitariek; hala nola, Idiazabal J.D. gazta, Roncal J.D gazta eta Iraty J.D. gazta

Etzi hasiko da sagardoaren eta Euskal Herriko gazten dastaketa, eta apirilaren 27ra arte iraungo du. Era berean, Sagardoetxeako bisitaren ostean, bertaratutakoek jardunaldia sagardotegiko otorduarekin osatzeko aukera izango omen dute: «bertan txotxaren errituaz gozatu eta sagardoaren kulturako esperientzia borobiltzeko».

Tarifei dagokienez, Sagardoetxeako bisita gidatuak dastaketarekin, 7 euroko kostea du helduentzat; eta 7 eta 17 bitarteko gaztetxoentzat 5 eurokoa. Bisita gidatuak Sagardoetxeako otorduarekin, berriz, 49 euroko prezioa du helduentzat; 26 euro balio du 7 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzat; eta 23 euro 0 eta 6 urte bitarteko txikientzat.

Erreserbak egiteko hiru aukera daude: 943 550 575 telefonora deitu; info@sagardoetxea.eus helbide elektronikora idatzi; edota sagardoetxea.eus webgunean sartu.

Apirilaren 17tik 20ra eta, 22tik 26ra bitartean ondorengo orduetan izango dira bisitak: 11:00, 12:00, 13:00, 16:00, 17:00, 18:00 eta 19:00. Apirilaren 21ean eta 27an berriz, goizez bakarrik izango dira; 11:00etan lehenengoa, 12:00etan bigarrena, eta 13:00etan azkenekoa.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!