Astigarragako Udalak Apeztegiko igogailua martxan jarri dela iragarri berri du. «Udalaren eginkizunetako bat da udalerrian pertsonen mugikortasuna sustatzea eta irisgarri egitea, eta, beraz, bigarren igogailu publikoa eraikitzea eta martxan jartzea aurrerapauso haundia da», nabarmendu dute udaletik. Apeztegiko igogailuak herriaren ekialdean bizi diren pertsonen irisgarritasuna bermatzen du.
Herriaren goiko aldean eraikin eta zerbitzu publiko garrantzitsuak daude (udaletxea, herri eskola , kiroldegia...) eta igogailu berriak herritar guztiak zerbitzu horietara modu erosoan iristeko aukera izatea ahalbidetuko du, horregatik da proiektu estrategikoa. Nahiz eta ez dirudien malda haundirik dagoenik, adineko pertsonentzat, haurren aulkiekin doazenentzat, pisua daramatenentzat (poltsak edo erosketak) edo mugikortasun-arazoren bat dutenentzat (aldi baterakoa edo iraunkorra), maldarik txikiena ere oztopo haundia bihurtzen da. Eta, horregatik, «esan dezakegu igogailu honekin konponbide egokia eman zaiola pertsona askoren irisgarritasunari. Horixe bera gertatu zen Arrobitxuloko igogailua martxan jarri zenean. Une honetan, biztanle eta joan-etorri gehien duten udalerriko bi guneetan igogailu publikoak martxan daude eta Astigarragako irisgarritasuna nabarmen hobetuko da».
Apeztegi plazako igogailura iristeko, pasabide kurbatu batek urmaela zeharkatzen du. Goiko kotan, pasabidea Foru Plazarekin lotzen da. Egiturari dagokionez, bi eremu garden eta bi aurpegi opako eta estruktural ditu, plazako landaredia eta ingurune berdea islatzen dira igogailuan, ingurune naturalean behar bezala integratzeko. Igogailuak 13 pertsona eta 1.000 kg. arteko edukiera du. Construcciones Urdinberri, S.L. enpresak egin ditu obrak, 446.240,85 euroan esleituta (BEZik gabe).
Igogailua martxan jartzearekin batera, Udala ingurua txukuntzen, mozten eta garbitzen ari da, eta datozen asteetan lan horiek guztiak amaituta egongo dira.
Irisgarritasun arloko ekintzak
Udalaren helburu garrantzitsuenetako bat herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzea da, arloz arlo, baita irisgarritasunaren arloan ere. Iaz onartu zen 2024-2027 irisgarritasun-plana, aldi horretarako irisgarritasunaren arloan egingo diren ekintza nagusiak jasotzen dituen tresna.
Aurten, igogailua martxan jartzearekin batera, irisgarritasunaren arloko beste ekintza batzuk ere bideratuko dira herrian, eraikin publikoetarako irisgarritasuna erraztuko dutenak, hala nola udaletxera eta Emakumeon Etxera. Udaletxean, ate automatiko bat instalatuko da eta Emakumeon Etxean, sarrera eta komunak egokituko dira. Jarduera horien helburua mugikortasunean mugak dituzten pertsonak integratzea da, hau da, baldintza berdinetan jarduteko aukera ematea.