«Haur eta nerabeen ongizatearen herria» izan nahi du Astigarragak, 'Geriza' markarekin bidea urratuz

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 12a, 00:00

Astigarragako udal ordezkariak eta tokiko eragileetako ordezkariak, 'Geriza' marka berriaren irudiarekin.

Haurren eta nerabeen ongizatea sustatzeko, bat egin dute Astigarragako Udalak eta tokiko eragileek, eta hainbat ekimen jarri dituzte martxan, arlo ezberdinetan. 'Geriza' marka ere sortu dute, horiek guztiak bateratzeko.

Lehenengo lerrora ekarri dute Astigarragan, Udalak eta tokiko eragileek, haurren eta nerabeen ongizatea. Hori sustatu nahian, bat egin dute azkeneko hilabeteotan, eta lanean aritu dira Haurrak eta Nerabeak Babesteko Legean oinarrituta. Lan horren emaitza aurkeztu zuten ostegun eguerdian, Kultur Etxe Zaharrean: haurren eta nerabeen ongizaterako jarduerak, eta horiek bilduko dituen 'Geriza' marka berria.

«Erronka komunitarioa da haurrei eta nerabeei dagokiena, eta eman behar diogu bere garrantzia eta arreta», azaldu zuen Xabier Urdangarin alkateak aurkezpenean, eragileetako ordezkariak bertan zirela: «Horretarako ezinbestekoa da eragileon laguntza, eta eskerrak eman nahi dizkizuet denei. Ez da erraza haurren eta nerabeen ongizaterako ekintzak zuen jardueran txertatzea, baina hala egin duzue. Oso garrantzitsua izango da sortu dugun dinamika eta sarea».

Astigarraga haur eta nerabeentzat «ingurune segurua izan dadin», urteak daramazki lanean Udalak; eta horrekin bat egin dute herriko hizkuntza, aisia eta kirol arloetako eragileek, «prebentzio komunitarioa egiteko, eta haurrak eta nerabeak seguru, entzunda eta babestuta egoteko».

Aurreko hilabeteotako lanketan, protokoloak egiteko laguntza eta prestakuntza eman dio Udalak eragileei, eta hortik abiatuta sortu dute «elkarteetako ongizate-arduradunek osatutako sarea», Naroa Del Orden zinegotziak azaldu zuenez. Dagoeneko egin dute aurreneko bilera, «haur eta nerabeekin lan egitean sortzen diren kezkak, zalantzak, prozedurak... partekatu eta lantzeko». Gainera, jokabide-kode bat ere lantzen ari da Udala, ondoren herriko eragileei zabaltzeko, eta udalerrian adingabeekin harreman zuzena duten elkarte eta enpresa guztiek bete eta sinatu beharko dutena.

 

Gaikako eskaintza, haur eta nerabeen arloan

Aipatu bezala, hainbat programa, ekimen eta zerbitzu dauzka Udalak, haur eta nerabeen ongizatea sustatzeko. Gizarte Zerbitzuetan, esaterako, haurren eta nerabeen garapenerako dirulaguntzak daude, eta baita gizarte arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua ere. Hezkuntzari dagokionez, berriz, dirulaguntzak eskaintzen ditu errefortzu akademikorako zein eskolako materiala erosteko; esku hartzeak egiten ditu Herri Eskolan eta Arantzazuko Ama institutuan, harreman osasuntsuak, ingurune digitala edota harreman sexu-afektiboak lantzeko; eta gurasoak trebatzeko hitzaldiak antolatzen ditu. Gainera, Oinherri herri hezitzaileen sareko bazkide da Udala. Eta gazteriaren arloan, azkenik, lanketak eta esku hartzeak egin ohi ditu Gaztelekuan.

'Geriza' marka berria, martxan

Esti Neira zinegotziak aurkeztu zituen 'Geriza' marka berriaren nondik norakoak. «Gaur egun badira herrian hainbat zerbitzu, programa, ekimen eta lanketa, haur eta nerabeak erdigunean jartzen dituztenak. Eta horiek guztiak bateratzeko, saretzeko eta begirada integral bat eskaintzeko sortu dugu marka berri bat: 'Geriza, haur eta nerabeen ongizatearen herria'. Marka honek irudikatzen du zuhaitz baten magalean sentitzen dugun leku segurua, babesa eta itzala. Herri oso baten geriza eskaintzen duena kimu berri eta hosto gazteentzat, ingurune segurua eta zaindua. Haur eta nerabeen bidelagun izan nahi dugu, modu erosoan gizarteratu eta hazi daitezen, alai eta lasai. Horrela, gerizaren babespean kokatuko dira Astigarragako haur eta nerabeen ongizatearekin lotuta eskaintzen diren zerbitzu, ekimen, proiektu eta programa guztiak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!