Aldundiak lehenengo saioa antolatu du Astigarragan komunitate energetikoak sortzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 8a, 00:00

José Ignacio Asensio komunitate energetikoen proiektuak azaltzen Astigarragako udaletxeko areto nagusian.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Energia Eraldaketarako Bulegoaren (OTC) bidez, herritarrei aholkularitza ematen die energia-komunitateak sortzeko, eta laguntza teknikoa, juridikoa eta administratiboa ematen die energia berriztagarriaren sorkuntza eta kontsumo partekaturako sarbidea errazteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Gipuzkoako Energia Eraldaketarako Bulegoaren (OTC) bidez, herritarrei zuzendutako informazio-saioen
programa bati ekin zion aurreko asteko ostegunean, lurraldean energia-komunitateen sorrera sustatzeko.

Lehenengo saioa Astigarragako Udaleko Udalbatza Aretoan egin zen eta herritar askok hartu zuen parte. Herritarrek aukera izan zuten bertatik bertara jakiteko zer diren energia-komunitateak, nola balia daitezkeen eta zer urrats egin behar dituzten komunitate horiek abian jartzeko. Parte-hartze zabalarekin, topaketa baliagarria izan zen zalantzak argitzeko eta herritarrek trantsizio energetikoan duten zereginari buruzko eztabaidarako gune bat sortzeko.

José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak ireki zuen informazio-saioa. Bere hitzaldian, foru-arduradunak azpimarratu zuen Gipuzkoako Aldundiak konpromisoa hartu duela Gipuzkoako energia-eredua eraldatzeko: «Gure helburua da 2027an lurraldeko udalerri guztiek gutxienez energia-komunitate bat izatea. Gipuzkoa dagoeneko erreferentea da jasangarritasun eta trantsizio energetikoan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu, autokontsumoan eta energia berriztagarriaren sorkuntza partekatuan oinarritutako eredu bat sustatuz. Energia-komunitateek aukera ematen diete herritarrei beren energia sortzeko eta kontsumitzeko, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murriztuz, faktura elektrikoa aurreztuz eta sistema bidezkoago, efizienteago eta jasangarriago baterantz aurrera eginez. Aldunditik prozesu hori errazten ari gara, aholkularitza tekniko, juridiko eta administratiboarekin, Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, bai eta laguntza ekonomikoekin ere, sistema fotovoltaikoak, biltegiratzea eta mugikortasun elektrikoa instalatzeko. Trantsizio energetikoa erronka kolektiboa da, eta herritarren inplikazioa funtsezkoa da eredu hori lurralde osoan finkatzeko eta Gipuzkoarako etorkizun jasangarriagoa bermatzeko».

Saioen ziklo hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Gipuzkoan eredu energetiko jasangarriagoa eta kolaboratiboagoa sustatzeko duen estrategiaren parte da. Hala, informazioa eta tresnak eskuratzeko aukera ematen du, udalerriek eta auzotarrek beren burua antolatu ahal izan dezaten eta energia berriztagarria sortzearen eta partekatzearen abantailak aprobetxatu ahal izan ditzaten.

Prozesuak ondoz ondoko hiru saio ditu. Saio horietan, energia-komunitateei buruzko sarrerako kontzeptuetatik hasi eta ibilbide-orri bat definitu eta talde bultzatzaile bat identifikatzeraino helduko da.

 

Jasangarritasunarekiko eta herritarren parte hartzearekiko konpromisoa

Gipuzkoa eraldaketa bat bizitzen ari da bere kultura energetikoan, eta «prozesu horrek gizarte osoaren parte-hartze aktiboa behar du», aipatu zuen Aldundiko arduradunak. Energia-komunitateak sortuta, herritarrak jartzen dira prozesu horren erdigunean, pertsona guztiek energia berriztagarria sortzeko eta autokontsumitzeko aukera dutela ziurtatuz, eta, gainera, faktura elektrikoan aurreztea lortuz.

Gaur egun, lurraldean dagoeneko 60 energia-komunitate daude martxan 55 udalerritan, 10.000 familia baino gehiago biltzen dituztenak.

Aldundiak erabateko konpromisoa du eraldaketa horrekin. OTCak eskainitako laguntza-zerbitzuaz gain, dirulaguntza espezifikoak gaitu dira energia-komunitateetarako instalazio fotovoltaikoak eta biltegiratze eta mugikortasun elektrikoko sistemak finantzatzeko. «Aurten 1.500.000 baino gehiago bideratuko ditugu herritarrei trantsizio energetikoa errazteko», gaineratu zuen Asensio diputatuak.

 

OTCa, energia-komunitateak sortzeko doako zerbitzu publikoa

Gipuzkoako Energia Eraldaketarako Bulegoa (OTC) Espainiako Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) bidez egituratzen da, eta Europako Next Generation funtsetatik datorren finantzaketa du.

Bulego horrek energia-komunitateak sortzeko doako aholkularitza-zerbitzu publikoa eskaintzen du, eta laguntza teknikoa, juridikoa eta administratiboa eskaintzen du
energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko aukera errazteko. Udalerri, auzo edo industrialdean energia-komunitate bat bultzatzeko interesa duten toki-erakundeei, pertsona-taldeei, enpresei edo elkarteei zuzenduta dago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!