Gaur arratsaldean emakumeentzako aholkularitza zerbitzua eskainiko dute Emakumeon Etxean, 16:00etatik 19:00etara. Astigarragako Udalak martxan jarritako zerbitzua da, emakumeei «gai anitzekin lotutako gatazkei buruzko aholkularitza juridiko espezializatua» eskaintzeko.
Zerbitzua doakoa, konfidentziala eta pertsonalizatua da. Aurrez aurreko saioan aditu baten laguntza jasoko dute herritarrek, beti ere ikuspegi feministatik.
«Aholkularitzak aukera emango digu epaitik gabeko espazio seguruan entzunak izateko, dauzkagun eskubideak eta gatazkei aurre egiteko tresnak ezagutzeko, erabakiak hartzeko segurtasuna eta motibazioa haunditzeko, baliabideak antzemateko, autoestimua haunditzeko...», azaldu dute Udaletik.
Hilabetean egun bat finkatu dute aholkularitza saio hauek egiteko, eta parte hartu ahal izateko beharrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako, hiru modu ahalbidetu ditu Udalak: Emakumeon Etxera bertaratzea, emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbide elektronikora idaztea, edo 648 41 71 57 telefono zenbakira deitu edo idaztea.