Astigarragako Sagardun Partzuergoan gerente lanpostua betetzeko oposizio-lehiaketa martxan jarri da eta izenemateko epea maiatzaren 5era arte (barne) dago zabalik. Sagardun partzuergoak Sagardoetxea kudeatzen du, Astigarragako sagardoaren museoa. Gerente-lanpostua hutsik geratu da, Joxe Mari Alberrok jubilazioa hartu eta gero, eta hori betetzeko oposizio-lehiaketa abian jarri da. Argitaratu ziren deialdia eta oinarriak GAOn.
Partzuergoa Astigarragako Udalera atxikita dagoenez gerentearen lanpostua betetzeko prozesuaren ardura Udalaren gain geratu da.
Lanpostuak izango dituen funtzio eta ataza esanguratsuenak, hauek dira: Partzuergoko zuzendaritza-lanak egitea; proiektu berritzaileak sustatzea eta bultzatzea; partzuergoak burutzen dituen jarduerak koordinatu, antolatu eta gainbegiratzea; partzuergoko aurrekontuen osaketa eta jarraipena egitea; lan kontablea burutzea; dirulaguntzen tramitazioa egitea; partzuergoak kudeatzen dituen instalazioen eta bertako programen kudeaketa egitea; beste erakundeekin harremanak edukitzea eta hitzarmenak tramitatzea; komunikazio idatziak gainbegiratzea; partzuergoko jarduerarekin zerikusia duten eskaerei erantzutea eta Astigarragako Udalarekin lankidetzan aritzea; txostenak eta ebazpen-proposamenak, estatistikak, memoriak, planak eta eskatzen zaizkion beste dokumentu batzuk egitea.
Hauek dira hautagaiek bete beharreko baldintzetako batzuk
16 urtetik gorakoa izatea; lizentziatura, diplomatura edo graduko unibertsitate-titulua izatea; ingeleseko edo frantseseko B2 maila izatea, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera; Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko euskararen C2 maila edo baliokidea (IVAPen edo Osakidetzaren 4. hizkuntz-eskakizuna).
Eskaerak aurkeztea
Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute, Astigarragako Sagardoetxearen eta Udaleko webguneetan aurki daitekeen eredu normalizatuaren arabera.
Eskabideak Astigarragako Udalean aurkeztu behar dira, telematikoki edo aurrez-aurre erregistroan.