Eragiyok abesbatzak emanaldietan gora egingo du udaberrian zehar. Apirilaren 12an Donostiako San Inazio elizan elkartasunezko emanaldia eskainiko du Zaporeak erakundearen alde. Maiatzean, Aizepe elkartearen mendeurrenean parte hartu eta gero, Madrilera bidaiatuko du Voces Graves de Madrid abesbatzak gonbidatuta. Bi taldeek batera abestuko dute XV. Encuentro Voces Amigas-en, madrildarren 30. urteurreneko ospakizunen barruan.
Joan den asteburuan berriz, Eragiyok abesbatza bosgarrenez agertu zen Irungo Amaia kultur zentroko oholtza gainean, Giuseppe Verdiren Macbeth operan parte hartzeko, Luis Mariano Lirika Elkarteak antolatutako, 22. denboraldiaren barruan. William Shakespeareren izen bereko obran oinarritutako opera da Verdirena.
Irungo antzokirako sarrerak bezperan agortu ziren, eta bertaratutako zaletuek emanaldi ederraz gozatu zuten bakarlariei eta koruei esker. Izan ere, bere beste opera batzuetan gertatzen den moduan, musikagile italiarrak koruei pasarte nabarmenak eskaintzen zizkion opera honetan ere.
Hainbat roletan aritu zen Eragiyok
Oraingoan, Eragiyok hainbat rol desberdinetan aritu zen, non horietako bakoitzak ñabardura desberdinak zituen izaera zein kantaera aldetik. Hasieran, kantariek berri onen eramaile moduan agertu ziren Duncan erregearen mezulariaren paperean, non Macbeth zaldun izendatu izana iragartzen zuten. Ostera, honek operaren mamia den botere- eta neurri gabeko anbizio-borroka ekarri zuten oholtzara.
Ondoren, buru-berokia jantzi zuten eta Macbeth-ek bidalitako sikarioen papera hartu zuten. Beraien lana zen garai batean gudan lagun izan zuen Banco saltzea eta hiltzea, errege bilakatzeko bidean oztopo izan zitekeenaren beldur.
Gauaren klimaxa laugarren ekitaldian iritsi zen, non garaile atera ziren protagonistak erregearen koroa berreskuratu izana ospatzen zuten Inno della vittoria (‘Garaipenaren ereserkia’) abestuta.
Azken eszena honek entzuleen txalo zaparrada ekarri zuen, jarraipena izan zuena artisten azken agurrean. Honela, amaiera eman zitzaion arratsalde borobilari.