Errigorako produktuen dastaketa gaur, Zipotzan

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 17a, 00:00

Bigarren kanpaina martxan da eta AEKk herritarrentzat Zipotzako barra, 11:00etan, Errigorako produktuekin beteko du.

 

Errigorako bigarren kanpaina martxan da eta Astigarragako AEKk herritarrentzako ekintza bat antolatu du produktuak ezagutarazteko.

Gaur, goizeko 11:00etatik aurrera, Zipotza tabernako barra Errigorako produktuez beteko da. Astigartarrak animatzen dituzte piperrak, zainzuriak, orburuak, arbendolak, olioa... doan dastatzera eta Erriberako produktuak bertatik bertara ezagutzera. Informazio-orriak ere eskuragarri izango dituzte bezeroek. 

 

Errigorako produktuak hilaren 26ra arte eskatu daitezke

Errigoraren bigarren kanpaina, Eskutik Eskura, eta hilaren 26ra arte izango da aukera oliba-oliobirjina estra, ardoak eta arroz, pasta, lekale eta kontserba-sortak eskatzeko, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskeraz etiketatuta. Eskaerak on-line jasoko dira errigora.eus webgunean.

Eskutik Eskura Errigoraren bi kanpaina nagusietako bat da, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko baratzeko produktuak Euskal Herriko plazara ekarri nahi dituena. Guztia auzolanean egiten dute, 200 bat herritan urtez urte lanean ari diren boluntario nekaezinen lanari esker.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!