Etorkizuneko kontsumitzaileen erosketa ohiturak aztertu ditu Siadecok, Astigarragako Udalak eskatuta

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 15a, 00:00

Ostegunean azaldu zizkieten ondorioak Astigarragako merkatariei.

Herriko 42 establezimenduren eta 19 eta 44 urte bitarteko 300 astigartarren erantzunekin osatu dute ikerketa. Udalak bidelaguntza zerbitzuak jarriko ditu martxan herriko merkataritza sustatzeko. 

Astigarragako etorkizuneko kontsumitzaileen kontsumo eta erosketa ohiturak aztertu ditu Siadeco Ikerketa Elkarteak, Astigarragako Udalak eskatuta. Herriko 42 establezimendutako merkatariei inkestak egiteaz gain, 19 eta 44 urte bitarteko 300 astigartarrekin hitz egin dute ikerketa egiteko.

Xabier Urdangarin alkateak azaldu zuen ikerketa egiteko «une aproposa» zela: «Astigarraga asko aldatu da azken urteetan, establezimendu berriak ireki dira, baina zahar batzuk ere itxi dituzte ateak. Orain dela urte batzuk egin zen kontsumo ohituren ikerketa orokorra, baina herria hainbeste hazi den honetan, egokitzat jo dugu datuak berritzea».

Ikerketa datozen egunetan argitaratuko du Udalak astigarraga.eus atarian, baina Siadecoko kideek zenbait ondorio nagusi azaldu zituzten prentsaurrekoan. 

Esaterako, ikerketaren arabera, gazteek joera dute elikagaiak Astigarragako komertzioetan erosteko, hala adierazi dute inkestatutako hamarretik zazpik. Bestelako produktuei dagokienez, erdira murrizten da herrian geratzen diren pertsonen kopurua. «Herrian erosten dutenean, bezeroei eskainitako arreta eta tratua, hura euskaraz izatea eta ordutegia baloratzen dituzte gehien», gehitu dute. 

Euskerarekin lotuta, Astigarragako establezimenduen %62an zerbitzua osorik euskeraz eskaintzeko aukera bermatuta dago. Kontrara, hizkuntza paisaian antzeman dute hobetzeko tarte haundiena; izan ere, komertzioen barrualdean presentzia nabarmena du gaztelerak, eta %12an gaztelania hutsean daude idazki guztiak.

Horrez gain, merkatariak eta herritarrak bat datoz Astiko Elkartearen balorazio positiboan. 

Arrakala digitala ixteko bidelaguntza

Ikerketaren bidez Astigarragako Udalaren hipotesi bat baieztatuta geratu da, arrakala digitala nabaritu baitute gazteen eta merkatarien artean. Arazo horri irtenbidea emateko bidelaguntza zerbitzua jarri dute martxan TaPuntu kooperatibarekin elkarlanean, eta datozen egunetan zabalduko dute zerbitzuan parte hartzeko izenematea. Uztailera arte iraungo du formakuntza faseak, eta lanabes horiekin merkatariek eremu digitalean aurrera egiteko helburuak finkatzeko aukera izango dute. 

Aholkularitza zerbitzuaz gain, Astigarragako Udalaren asmoa da eremu digitalean herriko komertzioen presentzia haunditzeko dirulaguntza lerro bat onartzea. Maiatzerako onartuta egotea da aurreikuspena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!