Oso giro berezia sortuko da bihar eguerdian, Astigarragako Foru Plazan. Hirugarren urtez jarraian, Irradaka dantzatuko dute herriko emakumeek, adin guztietakoek, eguerdiko 13:00etan elkartuta. Astigar dantza taldeak antolatuta, erronka jarri zuten aurtengo emanaldirako, taldearen 50garren urteurrena dela eta: 50 emakume elkartu nahi zituzten Irradaka dantzatzen. Eta badirudi lortuko dutela, Arantxa Ibarburuk Kronikari azaldu dionez: «Entsaio batzuetan 57 emakume ere izan gara, baina azkeneko entsaio orokorrean, joan den larunbatean, 48 izan ginen. Emakume batzuk falta ziren, dena den. Beraz, hortxe gabiltza, baina espero dugu gutxienez 50 emakume izatea igandean».
Ez zen erronka makala, kontuan hartuta aurreko bi urteetan 35 inguru izan direla. 2023an egin zuten aurrenekoz, pandemiak estreinaldia atzeratu ondoren: «Berez 2020an egin behar genuen aurrenekoz, baina bezperan konfinatu gintuzten. Eta 2021 eta 2022 ere arraro xamarrak izan zirenez oraindik, 2023an estreinatu genuen», azaldu du Ibarburuk.
Eszenatokitik plazara, Argiak 1987an estreinatutakoa
Astigarragan dantzatzen duten Irradaka, Argia dantza taldeak estreinatu zuen duela ia 40 urte, 1987an Donostiako Victoria Eugenia antzokian: «Guk egiten duguna Marian Arregik eta Juan Antonio Urbeltzek sortu zuten, eta Argiak bere emanaldietan dantzatu izan du. Baina azkenaldian ez ziren egiten ari, eta proposamena jaso genuen, dantza hau eszenatokitik plazara jaisteko, eta herrikoia egiteko. Erronkari heldu genion, eta horrela hasi ginen. Musika, letrak eta koreografiak dira Argiak bere garaian estreinatu zituen berberak».
Astigarragan ez ezik, beste herri batzuetan ere egin izan dute Irradaka, baina ez beti musika, letra eta koreografia berberarekin: «Azken batean, Irradaka da sokan dantzatzea, borobilean. Eta beste melodia eta koreografia batzuekin egin dute toki desberdinetan. Gainera, gurean emakumeok bakarrik egiten dugu, baina gizonezkoekin ere egin dituzte. Esate baterako, Bilbon, euskeraren aurkako oldarraldiaren aurrean manifestazioa egin zutenean».
«Dantzatzeko modua berezia da, eskuak elkartuz, batak besteari sostengua emanez»
Badauka zerbait berezia Irradakak, eta «dantzan sortzen den magia» aipatu du Arantxa Ibarburuk: «Giro berezia pizten da. Adin ezberdinetako emakumeak, ama-alabak tartean, eta sortzen da magia eta emozio berezi bat, elkartasuna. Oso dantza solidarioa da Irradaka, eta dantzatzeko modua ere berezia da, eskuak elkartuta. Nolabait, batak besteari sostengua ematen dio».
Urtarrilean hasi zituzten entsaioak, eta bi astetik behin elkartu dira ordutik. Saio horiek ere balio izan diete «herriko emakumeen arteko harremanak sendotzeko. Izan ere, adin ezberdinetako emakume astigartarrak gaude, 15 urtetik hasi eta 65 urtera arte. Oso anitza da partehartzea».
Gainera, Ibarburuk uste du borobiletik kanpora ere transmititzen dela dantzan sortzen den giro berezi hori: «Ikusi dutenek, esan izan digute oso gauza potentea dela egiten duguna, eta hunkitu ere egin direla». Horregatik, herritar guztiak gonbidatu dituzte bihar Foru Plazara gerturatzera, eta «magia horretaz gozatzera».