Astigarragako gazteek alokairurako laguntzak eskatu ditzakete jada

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 14a, 00:00

Laguntza ildo gehiago zabaltzeko asmoa du Astigarragako Udalak.

18 eta 35 urte bitarteko astigartarrek eskatu dezakete laguntza, apirilaren 10era arte. 

 

Alokairu gastuak ordaintzeko dirulaguntza deialdia ireki berri du Astigarragako Udalak. Etxebizitza politikan eragiteko helburuarekin, 29 neurriz osatutako planaren barruan doaz laguntza hauek, eta gazteei zuzendutako deialdia da. 18 eta 35 urte bitarteko astigartarrek egin dezakete laguntzaren eskaera, eta apirilaren 10ean itxiko da epea. 

Laguntza hau jaso ahal izateko, beharrezkoa da 2024an etxebizitza bat alokatu izana eta beste erakunde batzuek ematen dituzten laguntzak ez jasotzea. Astigarragako Udalak 850 eurotik beherako hileko alokairuak ordaindu behar dituztenei eskainiko die laguntza. Bakoitzak jasoko duen kopurua diru sarreren arabera finkatuko dute, 300 euroko gehiengoarekin. Eskaerak telematikoki (astigarraga.eus) edota udaletxeko erregistroan egin daitezke. 

Astigarragako Udaletik jakinarazi dute datozen urteetan dirulaguntzen deialdi honek «ildo gehiago» izango dituela, beste adin tarteak eta familia motak integratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!