Zaragozan zazpigarren sailkatu ondoren, bikain aritu zen Eneko Olveira astigartarra, mendi bizikletako Espainiako Koparen bigarren lasterketan ere: bosgarren izan zen Valladoliden, joan den igandean, elite mailako proban. Bera bezala, gazteak dabiltza bereziki indartsu, eta 23 urtez azpikoen artean laugarren sailkatu zen astigartarra.
Alberto Barroso andaluziarrak (1:24:43) irabazi zuen, Aniol Morell kataluniarraren (1:25:39) eta Raul Villar errioxarraren (1:25:55) aurretik. 1:26:35 denboran helmugaratu zen Olveira, Hugo Franco andaluziarrarekin (1:26:33) esprintean. Bera bezala lehenengo urtea du Francok 23 urtez azpikoetan, eta nabarmentzekoa da munduko txapeldunorde izan zela joan den urtean, juniorretan.
Valladoliden lortutako emaitzarekin, laugarren postura igo da Eneko Olveira Espainiako Kopan, elite mailan.
Unax Otegi ere bosgarren, Mutrikuko Atxukale Sarian
Errepidean, bestalde, maila ederrean aritu zen Unax Otegi hernaniarra ere, jubeniletan. Bosgarren sailkatu zen Mutrikuko Atxukale Sarian, igandean. 10 txirrindularik hartu zioten aurrea tropel nagusiari, eta Iñaki Lopez nagusitu zen, Eñaut Urcareguiren eta Unai Moranen aurretik. Lau segundura helmugaratu zen Otegi. Aimar Capdequi eta Unai Hernandez astigartarrek ere osatu zuten 87 kilometroko proba, 78garren eta 119garren, hurrenez hurren.
Aimar Zapiain kadetea, berriz, 94garren izan zen Mendaron.