Astigarragako Udalak Legegintzaldiko Planaren errebisiotik eratorritako balorazioa argitaratu berri du. Azken seihilekoan egindako aurrerapausoak zehaztu ditu txostenean, eta jakinarazi du betetzen maila %45,74koa dela une honetan. Legegintzaldiaren %38 bete du egungo gobernuak.
Txostenean bertan herriko proiektu garrantzitsuenetan emandako aurrerapausoak ere zehaztu ditu Udalak, sei ardatzetan banatuta. Proiektu horien artean nabarmentzen dira, besteak beste, Astigarraga etxebizitza hiri tentsionatu izendatzea, DBHko eraikinaren obrak hasteko baimena ematea edota Udalaren berrantolaketa prozesua egitea.
Xehetasun guztiak ikusgai daude dagoeneko Astigarragako Udalaren webgunean (astigarraga.eus). Seihilekoa bukatzen denean, ekainaren bueltan, berrituko dituzte betetze mailaren datuak.