Nabarralde elkarteak 'Nafarroako sorgin ehiza' kultur astea antolatu du

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 6a, 00:00

Naroa del Orden, Angel Rekalde eta Xabier Urdangarin, aurkezpenean.

Erribera kulturgunean, martxoaren 31tik apirilaren 5era arte luzatuko da, eta erakusketa, hitzaldia eta jardunaldi bat izango ditu.

 

Iaz Astigarragan antolatu zuen Nabarralde elkarteak 824. urteko Orreagako gerrari buruzko kultur astea. Aurten ere, kultur astea egingo du, Nafarroako sorgin ehiza gaiari helduta eta martxoaren 31tik apirilaren 6ra luzatuko da. Atzo aurkeztu zen Erriberan eta bertan izan ziren azalpenak ematen Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea; Naroa Del Orden kultura zinegotzia; eta Angel Rekalde Nabarralde fundazioko kidea.

Astigarragako udaleko ordezkariek «eskerrak eman» nahi izan zizkioten Nabarralde Fundazioari «gure memoria kolektiboa berreskuratu, ezagutarazi eta transmisio lanagatik. Merezi dute».

Iaz 824ko Orreagan gertatutako gudaren kultur astea antolatu zuten eta aurten Astigarragan, martxoaren 31tik apirilak 6ra bigarrengo kultur astea eskainiko dute. «Udalarentzat berriro ere, ohore bat da Nafarroako sorgin ehizaren inguruko erakusketa, hitzaldia eta jardunaldia gure herrian izatea. Herritarrei aste kulturalean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, ez zarete damutuko». 

Ondoren Angel Rekaldek hartu zuen hitza: «Gai honi buruz guk landu nahi duguna beste esan nahi bat da. Normalean sorgin ehiza edo gaia ateratzean Zugarramurdiko gaia irteten da. Hori prozesu honen amaiera izan zen. Guk ekarriko duguna da, nola eman zen bere hasiera, orain justu 500 urte. 1525eko ekainaren 19an izan zen lehendabiziko emakume baten erretzea. Nafarroako konkistaren hurrengo urteetan izan zen. Gizonak gerran zeuden eta emakumeak oso indartsu zeuden, beraiek eusten zioten herriari. Familien eta herrien nortasunari emakumeek eusten zioten».

Horregatik joan omen ziren emakumeen bila. Gainera «boteretsuen bila joan ziren, nobleen bila, alargunen bila, apaizaren baten bila ere bai... 100 urte inguruko prozesu bat eman zen, 1610garren urtera arte Nafarroako Pirineotako hainbat herrietan».

 

«Inkisizoak garatu zuen kontakizuna transmititu da»

Gero Rekalderen hitzetan, «inkisizioak garatu zuen kontakizuna transmititu da. Emakumeak sorginak zirela, akelarreak egiten zirela... euskerak gaztelaniari eman dion mailegurik ezagunenetakoa akelarre hitza da. Eta akelarre bat bakarra ere ez zen izan. Hori da inkisidoreen asmakizuna. Asmakizun hori garatu da historian. Errepresio hutsa izan zen eta garai horretan zeuden sujetoak ziren emakumeak. Nortasun haundikoak eta indartsuak, estatus altukoak, zirelako».

Aitzaki bezala data bat hartuko du nabarraldek guzti horri buelta bat emateko eta hitzaldia, erakusketa eta jardunaldia prestatu dituzte.

 

Martxoaren 31n erakusketa irekiko da hitzaldiarekin eta jardunaldia apirilaren 5ean izango da

Garai hartako jazarpenetatik 500 urte beteko diren honetan Naroa del Orden zinegotziak azaldu zuenez. «Horren guztiaren memoria, egia, erreparazioa, erreduintzea eta genero ikuspegi batetik aztertu nahi dugunez, martxoaren 31n kultur asteari hitzaldi batekin emango zaio hasiera, Iñigo Larramendiren eskutik. Erakusketa martxoaren 31tik 6ra egongo da ikusgai Erribera erakusketa aretoan».

Apirilaren 5ean, larunbatean, goiz osoko jardunaldia eskainiko da, 09:30etik 13:30etara. Udal ordezkariek bertaratzen direnei agurra egingo diete eta jardunaldiari Asisko Urmenetak emango dio hasiera Euskal emakumeak, sutan hitzaldiarekin. Jarraian, Koro Irazoki Nafarroako sorginkeri prozesuez arituko da. Ondoren, Kike Fz de Pinedok sorgin ehiza Arabako mendialdean gaiari buruz hitz egingo du. Atsedenaldiaren ondoren, las brujas vascas; entre la fantasía, la tradición y la ley de vagos y maleantes mahai-inguruarekin emango zaio amaiera jardunaldiari. Mahai-inguruko parte-hartzaileak Iñaki Idigoras, Isa Otero eta Mari Carmen Basterretxea izango dira. 

Ekintza guztiak doakoak izango dira, baina jardunaldian parte hartzeko izena eman behar da, formulario honen bidez:
https://goo.su/jZ01Qkh.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!