Aho batez Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala onartu zen Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 3a, 00:00

Etxebizitza tasatuen ordenantzan aldaketa bati hasierako onarpena eman zitzaion.

 

Astigarragako Udalak otsaileko Osoko Bilkuran Emakumeen Nazioarteko Egunaren, inguruko adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez. Plenoan ere, udal etxebizitza tasatuen ordenantzan aldaketa bati hasierako onarpena eman zitzaion, udal etxebizitzak saltzeko edo alokatzeko gehieneko prezioak eta errentak arautzeko.

Adierazpenean aipatzen da: «Martxoaren 8an, Emakumeon Egunean, orain arte lortutakoa ospatzeko egunetik haratago, honaino iristeko borroka egin duen Mugimendu Feminista eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gaineratzeko eguna da. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan».

Onartutako adierazpenean gaineratzen denez, «Erakundeak koordinatu behar dira, eta bideak ireki herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten, batez ere emakume-talde anitzek eta mugimendu feministak. Berdintasun Politikek, azken urteetan, oinarrizko sistema bat sortu dute, baliabide eta planez josia.
Ezinbestekoak izan dira, hainbat bide zabaltzeko, eta hauen garapenean oraindik bidea daukagu egiteko».

Hainbat erabaki hartu ditu

Astigarragako Udalak adierazpenarekin bat, hainbat erabaki hartu ditu. Besteak beste: Berdintasun Kontseilua sortzea; Mugimendu Feministarekin batera Zaintzen aldeko Herri Akordioarekin bat egin; Zaintzen eraldaketarako herri hausnarketa eta Zaintza Plan baten eraikuntza prozesua abian jartzea; Berdintasun zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea; Jabekuntza Eskolei eta Emakumeen Etxeei behar adina baliabide bermatzea; Euskal Herriko Mugimendu Feministak herrian bultzatuko duen dinamikarekin bat egitea eta Martxoaren 8ko deialdiak babestea, herritarrei bertaratzeko deia eginez Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!