Bazkaria, erromeria eta txaranga gaur, eta 'Zirikoketa' festa bihar, Astigarragako inauterietan

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 1a, 00:00

KDP txarangak girotuko du arratsaldea Astigarragan.

Astigarragan lehen aldiz 'Zirikoketa' festa antolatu dute bihar, herriko talde ezberdinen parte hartzearekin. Maskaraden eredua izango dute oinarri.

Iritsi dira inauteriak eta astigartarrek ere badute gaurko eta biharko plana osatuta.

Gaur festa izango da nagusi, eguerdiko 13:30etan hasita. Herritarrak elkarrekin batera bazkaltzeko elkartuko dira Foru plazan. Bakoitzak bere jana eraman beharko du eta aulkiak eta mahaiak Erribera kulturgunean eskatuta egon beharko dira. 

Bazkariko giro alaiarekin jarraitzeko, Porrusalda erromeria izango da haurrentzako, eta 17:00etan KDP Txarangan aterako da Astigarragako kaleetan zehar. Mozorroen desfilea egingo dute Foru Plazatik abiatuta, eta parte hartzea irekia izango da.

Txarangaren doinuetatik, dantzaldiaren erritmoetara igaroko dira 19:00etan herritarrak. Dj Ki-k dantzatzen jarriko du herria Kontxa Etxeberria plazan.

Bihar ere mozorroak kalera irteteko eguna izango da. Zirikoketa festa antolatu dute, herriko talde ezberdinen parte hartzearekin. Astigar dantza taldeak 50 urte betetzen dituen honetan, 'Zirikoketa' festa egitea otu zaie: Egun osoko festa, maskaraden eredua oinarri izanda eta barne hartuko dituena auzoz auzoko eskea, dantzak, musika, bertsoak eta antzerki umoretsua eta satirikoa. Festako parte-hartzaile guztiek egingo dute eskea, eta ondoren, eguerdian, herriko plazan elkartuko dira, saio nagusia egiteko: dantzak, musika, bertsoak, antzerkia...

 

EGITARAUA

GAUR

13:30 Bazkaria Foru Plazan. Bakoitzak bere jana eraman behar du eta aulkiak eta mahaiak Erribera Kultugunean eskatuta egon behar dira.

16:00 Porrusalda erromeria haurrentzako Foru Plazan.

17:00 KDP txarangarekin mozorroen desfilea Foru Plazatik abiatuta. Parte hartze irekia.

19:00 Dj Ki-rekin dantzaldia Kontxa Etxeberria plazan.

BIHAR

11:30 Zirikoketa, Ergobitik. Euria eginez gero, Kontxa Etxeberria plazan. Astigar elkarteko dantzariak, Txirriskla elkarteko txistulariak, Norberto Almandoz musika eskolako trikitilariak, KDP txaranga, Kirikoketa taldeak, Astigarragako bertso eskola eta Zirtzilak. 

13:00 Kalejira Jose Barandiaran plazan. Mozorro tradizionalekin jantzi behar da, ezinbestean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!