Etxean geratu zen Gipuzkoako txapela nagusia, zazpi barrukoan: Ganix Urdangarin astigartarra nagusitu zen Txomiñenen, nagusien lehenengo mailako finalean, Odei Arregi tolosarraren kontra (25-17). Axier Luluagak, aldiz, ezin izan zuen garaipena lortu, bigarren mailakoan. 15-25 galdu zuen astigartarrak, Xabier Zubiria tolosarraren aurrean.
Dozenaka herritar gerturatu ziren Txomiñenera, bi palista astigartarrei animoak ematera. Haien bultzada ez zuen nahikoa izan Luluagak, bukaerara arte lehiatu zuen arren. Peloteoan behin baino gehiagotan nagusitu zen astigartarra, baina defentsako lanean bikain aritu zen Zubiria, eta aukera zuenean erremate dotoreekin bukatu zituen tantoak. Markagailuan nabarmen atzetik izan arren, ez zuen amore eman astigartarrak, baina ez zen nahikoa gerturatu, Zubiria urduritzeko.
Aurreneko finalak utzitako zapore gaziari, gozotasun haundia eman zion Urdangarinek, bigarrenean. Astigartarra oso sendo aritu zen partiduaren zati erabakigarrian, apenas hutsik egin gabe, eta ondo merezita jantzi zuen txapela. Parekatua izan zen finala hasieran, eta tanto gutxiren aldearekin iritsi ziren partiduaren erdialdera. Hortik aurrera, ordea, gehiago asmatu zuen Urdangarinek. Defentsako lanean ez zion zulorik utzi Arregiri, eta huts egitera behartu zuen, gehiegi arriskatuz. Astigartarra, berriz, fin ibili zen errematean, bi pareta bikainak borobilduz eta ikusleen txalo zaparradak eraginez.
Berehala egin zuen ihes markagailuan, eta dozena bat tantoren aldearekin iritsi zen bukaerara, baina kosta zitzaion errematea jartzen: berak tanto bakarra falta zuela, lauzpabost tanto egin zituen segidan Arregik, pixka bat gerturatuz. Baina 25-17koa egin, eta ikusleak eserlekuetatik altxa zituen Urdangarinek. Jon Goiburu Mundarroko lehendakariak jantzi zion txapela.
Eizmendi-Kerejeta eta Macicior-Alava, semifinaletan
Euskal Herriko Irekian, bestalde, semifinaletara sailkatu dira Hernaniko bi bikoteak, biak ere multzoko lider. Nahia Eizmendik eta Ane Kerejetak, azkeneko partidua irabazita lortu zuten A multzoko lehenengo postua: 30-14 menderatu zituzten Errekako Larraga eta Inunciaga. Enara Maciciorrek eta Errekako Alavak, berriz, galdu egin zuten azkeneko partidua, Beotibar taldeko Balerdiren eta Arambururen kontra (27-30); baina lidertzari eutsi diote B multzoan.