Zabalik dago Mintzalagun ekimenean parte-hartzeko aukera

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 22a, 00:00

Iraila-urrian zabaldu zen lehen izen-ematea eta 4 talde sortu ziren Astigarragan. Harrezkero, martxa onean ari dira taldeak; astero-asteroko jardunean.

Urtea hastearekin batera, dagoeneko osatuta dauden Mintzalagun taldeetan parte-hartzeko aukera zabaldu nahi zaie astigartarrei. Hauek dira talde bakoitzaren asteroko hitzorduak: Sagartxo tabernan, 11:45, ostegunetan; Ikatza tabernan, 10:00, ostegunetan; Ikatza tabernan, 18:00, ostegunetan; Ikatza tabernan, 18:00, astearteetan.

Inork ekimenean parte hartzeko interesa izan bai, baina ordutegi horietan ezingo balu, talde berriak sortzeko aukera ere aztertuko da. Horretarako, garrantzitsua da izena ematerako garaian norberak adieraztea zein ordutegi eta egunetan dagoen libre/prest.

Mintzalagun ekimenean parte-hartzea doakoa da. Helburua da elkarrekin modu informalean astero euskeraz ariko diren mintzataldeak osatzea. Aisialdi giroan, euskeraz praktikatzeko aukera ederra da.

 

Gurasolagun ekimena ere, abian da

Herriko mintzapraktika egitasmoen baitan, Gurasolagun ekimena ere martxan da. Ekainera bitartean, ostegunero elkartuko dira hainbat familia; Kontxa Etxeberria Plazan, 16:45etik 17:45era bitartean.

Guraso orok parte har dezake; euskeraz hitz egiteko gogoa baino ez da behar. Gurasoen arteko giroa euskalduntzeko, euskara maila hobetzeko, guraso euskaldunen sarea zabaltzeko edo lagunartea zabaltzeko.

 

Izen-ematea edo informazio gehiago

Izena eman nahi duenak edo informazio gehiago nahi duenak 607 610 687 telefono zenbakira deitu dezake edo astigarraga@aek.eus helbidera idatzi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!