Familiarteko xakerik arrakastatsuena berriro ere bueltan da Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 21a, 00:00

Familiarteko lehiaketa jokatuko da martxoaren 2an Erriberan.

Martxoaren 2an bigarrenez jokatuko da Erriberan guraso eta seme-alabek osatutako bikote edo hirukoteen txapelketa.

 

"Gens una sumus". Hori da mundu mailako hirurogeita lau laukitxoen unibertsoa biltzen duen latinezko esaldia, "Familia bat gara" esan nahi duena. Astigarragan, berriz, hitzez hitz hartu dute esaldia, eta joan den edizioan ekitaldi horrek izan zuen arrakasta ikusita, ez dute zalantzarik izan, dibertimendua eta lehiaketa ikuspegi ludiko eta familiar batetik uztartzea helburu duen formula bera, baina hobetua, errepikatzeko.

Honela, martxoaren 2an, Erribera kulturgunean familiarteko xake topaketa antolatu dute. Lehiaketa 10:15etan hasi eta 13:45etan amaituko da. Aurretik, Suitzar formatuko bost erronda jokatuko dira taldeka (bi jokalari talde bakoitzeko). 

 

30 bikotek eman dute izena eta plazak agortuak daude aspaldidanik

30 bikote lehiatuko dira eta plazak agortu ziren hiru aste falta zirenean. Itxaron zerrenda ere luzea da. Beraz, guztira, 60 pertsona baino gehiago izango dira, salbuespenak salbuespen, familia konkreturen batean hiruko taldea osatuko baitute.  

Garaikurra egongo da sailkapen orokorreko lehen hiru familientzat eta baita Astigarragako familia onenarentzat ere. Hernanitik, Nafarroatik (Etxalar), Bizkaitik (Durango) edo Gipuzkoako hainbat tokitatik etorriko dira xakean jokatzera. Parte hartzaileentzat ere hamaiketakoa prestatuko da. 

Astigarragako klubak aurreratu duenez, Erribera ondoko areto batean «pieza haundiak dituen xake-taula bat izango dugu, txikiek eta nagusiek bertan jolastu dezaten elkar nahastuta eta xake festa honetako une hilak betetzeko». 

 

Astigarragak hiru talde Ligan

Lehiaketa hau inauteri igande egunez antolatu da, Gipuzkoako Xake Ligaren geldialdia aprobetxatuz. Astigarraga Xake Klubak hiru talde ditu hiru kategoriatan lehiatzen, eta aurten bereziki 2023an sortutako klubaren inguruan jende asko mugitzen ari da. Inauterietako asteburuan, zenbait guraso eta seme-alaba federatuk lehiaketa ofizialik ez dagoela kontuan izanda, kirol-zientzia modu ludikoagoan bizi duten beste familia batzuekin bat egingo dute. 

Antolakuntzatik diotenez, «badakigu guraso batzuk egunotan euren haurrekin prestatzen ari direla txapelketarako, helburua aurretik beteta dago».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!