Aurreko asteburuan jokatu zuten pistako Gipuzkoako Txapelketa, Donostiako belodromoan; eta zilarrezko dominarekin bueltatu ziren etxera Unai Hernandez eta Aimar Capdequi astigartarrak. Taldekako abiadura proban lortu zuten bigarren postua, Beñat Igarategi taldekide donostiarrarekin batera, mutil jubeniletan. 1:00,61 denboran osatu zuen proba Donostialdea Bizikletan taldeko hirukoteak, eta soilik Urko Nazabal, Beñat Sanz eta Eneko Ugartemendia izan zituzten aurretik (59,82).
Beste zenbait probatan ere aritu ziren bi astigartarrak, bakarkako lanean. Scratchean, 12garren izan zen Hernandez, eta 16garren Capdequi. Eta puntuazioan, ezin izan zuten proba amaitu, Capdequik bigarren esprintean bost puntu pilatu zituen arren. Hernandez, gainera, keirinean ere aritu zen, eta bosgarren izan zen.
Errepidekoa, gaurtik martxan
Bestalde, asteburu honetan hasiko da errepideko denboraldia Gipuzkoan. Emakumezkoetan, kadete, jubenil eta elite mailako probak izango dira Errenterian, Ane Santesteban Sariarekin, bihar goizeko 10:00etan hasita. Eta gizonezkoetan, afizionatu mailako Zumaia Saria jokatuko da gaur, 10:00etatik aurrera.