Astigartarrak! Prest al dauzkazue zartagiak? Gaur arratsaldean beharko dituzue behintzat! 17:30etan abiatuko da Ergobiako plazatik Astigarragako Kaldereroen Konpartsa. Festa giro ederra sortu ohi dute urtero, eta gaurkoan ere herriko txoko guztiak alaitzeko gogoz aterako dira kaldereroak.
Zipotza Elkarteak antolatutako jarduera da gaurko kalejira, eta herriko bizilagun gutxi geratuko dira konpartsa ikusteko aukerarik gabe. Izan ere, Ergobiako plazatik atera eta Emakumeon plazan amaituko dute, tartean herriko erdigunetik pasata. Baliteke bidean sagardozaleekin topo egitea; hortaz, animatutako ikuslerik ere ez zaie faltako kaldereroei. Batek baino gehiagok susto galanta hartuko du hartzarekin aurrez aurre topo egiten badu!
Adin guztietako pertsonak atera ohi dira Astigarragako kalejiran. Bizar haundiak pintatutako haurrek gogotik astintzen dituzte zartagiak, baina helduenek ere ederki pasatzen dute ohiko abestiak kantatzen. Kalejira egin ondoren, afari baten bueltan elkartuko dira Zipotza elkartean bertan.
Entseguak eta prestaketa saioak aurretik egin badituzte ere, herritar guztiei luzatu diete gaur arratsaldean parte hartzeko gonbidapena. Hartu zartagiak eta irten kalera!