Aurreko asteburuan 'Bertsoklown' saio bereziaz gozatzeko aukera izan zen Erriberan, eta gaztetxoen txanda izango da oraingoan. Bihar arratsaldean, 17:00etan hasita, 'Teilatupean' bertso antzerkia eskainiko dute Erriberako areto nagusian. 5-11 urte bitarteko haurrei zuzendutako antzerkia da, eta sarrerak 3 eta 6 euroan (+18) salduko dituzte.
Bertsoaren bidez gai ugari jorratzen ditu Teilatupean obrak: «Adiskidetasuna, zaintza, etxebizitzaren arazoa, migrazioa, marjinazioa, duintasuna, bizitza ereduen aniztasuna... Fantasiazko munduak helduen errealitatearekin parez-pare topo egiten duen honetan, haurren ahotsa eta zilegitasuna agerian geratzen dira».
Hori guztia ondo uztartzeko, bertsoak, koplak eta bestelako baliabideak baliatzen dituzte Maren Basterretxeak, Maite Aizpuruak eta Uxue Alkortak. «txotxongiloak, argitzalen jokoak, objetuen manipulazioa, koreografiak... Ekintza eszenikoaren bidez, aipaturiko gaien inguruko galderak planteatzen zaizkio publikoari, hausnarketarako bidea irekiz», azaldu dute.