Txotx denboraldiko larunbatetan jende asko pilatzen da Astigarragako Kale Nagusian, eta horrek egoera deserosoak sortzen ditu, autoz pasatzen diren bizilagunentzat. Ildo horretan, Astigarragako Udalak Amarrandegiko zenbait bizilagunen proposamena jaso du, eta gaia haiekin landu eta hainbat azterketa egin ondoren, Udalak erabaki du larunbatetan eguerdiko 12:00etatik aurrera (12:00ak arte litekeena baita zamalanak egotea) Kale Nagusia ibilgailuentzat ixtea Eroski parean.
Otsailaren 15ean sartu zen neurria indarrean eta lehenengo asteetan proba egingo dute. Funtzionamendua egokia bada, txotx denboraldia amaitu arte iraungo du.
Jarriko diren seinaleak eta bide-mezuak zorrotz bete behar dira
Amarrandegi, Foru Plaza eta Apeztegiko bizilagunek Santio Zeharra kaletik igo beharko dute garajeetara iristeko, eta Kale Nagusiko zati batean bi noranzkoetan zirkulatu ahal izango dute. Jarriko diren seinaleak eta bide-mezuak zorrotz bete behar dira, abiadura eta lehentasunak errespetatuz.