A* Gazteak prozesuaren saioak etzi eta larunbatean egingo dira

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 19a, 00:00

Prozesutik ateratako emaitzak aurkeztuko dira saio horietan. Etzi nerabeekin egingo da saioa, 17:30etan Gaztelekuan; eta 22an gazteekin, 11:30etan kultur etxe zaharreko aretoan.

2024ko udazkenean, A* Nahi Dugun Astigarragantz markaren barruan, A* Gazteak partehartze prozesua abiatu zuten, kultur etxe zaharra nerabe eta gazteentzako gune bilakatzeko helburuarekin.

Galdetegi bat eta bi saio egin dituzte nerabeen eta gazteen iritziak eta proposamenak jasotzeko, zer behar duten zehazteko, espazioak banatu eta antolatzeko, eta kudeaketa-eredua zehazteko. Saio horietatik ateratako informazioa bildu ondoren, proposamenak eta haien bideragarritasuna aztertu dituzte, eta emaitza horien berri emateko unea iritsi da. Horretarako bi saio antolatu dituzte, bata nerabeak informatzeko eta bestea gazteei jakinarazteko.

Lehenengo saioa, nerabeei zuzendutakoa, etzi izango da, 17:30etan Gaz­telekuan. Eta bigarrena, gazteei zuzendutakoa, larunbatean egingo dute, 11:30etan kultur etxe zaharreko aretoan.

Herriko nerabe eta gazte guztiak gonbidatu dituzte saioetara, bai prozesuan parte hartu duten elkarteak eta herritarrak, bai parte hartu ez dutenak ere. «Garrantzitsua da jakitea nola antolatuko den beren espazioa izango den kultur etxe zaharra, eta zer baliabide eta kudeaketa mota izango dituen».

Funtzionamendua adosteko gunea

Deboluzioa egin ondoren, eraikinaren erabileraren funtzionamendua adosteko gune bat eratuko da. Bertan, Gaztelekuko hezitzaileek, Gazte Asanbladako kideek eta udaletxeko gazteria teknikariak eta zinegotziak parte hartuko dute. Baina gune irekia izango da, eta herriko edozein gaztek hartu dezake parte. Informazio gehiago jaso edo parte hartu nahi izanez gero, gazteria sailarekin jarri daiteke harremanetan: kirola@astigarraga.eus helbidean edota 943 33 36 76 telefono zenbakian.

Espazio horretan, eraikinaren funtzionamendurako barne araudi bat egingo da 2025ean, eta horretarako, bilerak egingo dituzte hilero. Lehena martxoaren 20an izango da, eta hurrengoak apirilaren 30ean, maiatzaren 22an eta ekainaren 11n. Bilerak 10:00etan izango dira, kultur etxe zaharreko aretoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!