«Nafarroa iparraldeko inauteriek antzinara eta sustraietara eramaten gaituzte»

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 18a, 00:00

Iñaki Vergara Iruñeako argazkilariak Altsasuko eta Luzaideko inauterietako mozorroak eta pertsonaiak ikusteko aukera eskaintzen du atzotik Erribera Kulturguneko erakusketan. Otsailaren 28ra arte daude ikusgai 21 argazki.

Gipuzkoan jaio, baina txikitatik Iruñean bizi den Iñaki Vergara argazkilariak Euskal Herriko Inauteriak argazki erakusketa zabaldu zuen atzo Erribera kulturgunean. Bertan, Vergarak egindako argazkien bidez Altsasu eta Valcarlos-Luzaideko Iñauterietako mozorro eta pertsonaiak ikusteko aukera izango da. Otsailaren 28ra arte zabalduko da erakusketa; goizetan 09:00etatik 13:00etara; eta arratsaldetan, 16:00etatik 20:00etara.

Guztira 21 argazki daude ikusgai eta argazkilariak dioenez «horietako lau haundiak dira. Metro bateko altuera dutenak, bi Luzaideko inauterietakoak eta bi Altsasuko inauterietakoak. Beste 17 argazkiak txikiagoak dira, bederatzi Altsasukoak eta zortzi Luzaidekoak».

Iñaki Vergarak Euskal Herriko inauteri ezberdinak harrapatu ditu iruditan eta horrek bakoitzaren berezitasunak ezagutzera eraman du. «Erakusgai dauden argazkiek urteak dituzte eta ez dira berriak. Tradizio haundiko inauteriak dira eta denboran zehar gutxi aldatu dira». 

Tradizio hori eta alde etnografikoa dira Iñakirentzat Nafarroako iparraldeko inauteriei argazkiak ateratzeko arrazoietako bi. «Inauteriak beti gustatu izan zaizkit: koloreak, disfrazak, udaberrirako sarrera... azkenean lasaiak diren lekuak eta gauza gutxi gertatzen diren lekuak bat batean zeharo aldatzen dira, Tolosan edo Nafarroako herri txikietan gertatzen den bezala. Oso erakargarria da. Azken hauek sustraietara, antzinara eramaten gaituzte, naturarekin lotuagoak daude eta barnerakoiagoak dira. Jendea eraldatzen da eta erokeria nagusitzen da. Gainera bertan parte hartzea ere gustatzen zait. Zer esanik ez bertan argazkiak ateratzea»

Erribera kulturgunean atzo martxan jarri zen erakusketako argazkiak koloretan izango dira, inauteriak diren bezala. «Koloreak indar haundia hartzen du festa hauetan. Egon leike inauteriren batean, Lesakako xaguxarrean bezala, kolorea ez dena garrantzitsuena, baina nik inauteriak koloretan ulertzen ditut».

Luzaidekoak Aste Santutan ospatzen dira

Iñaki Vergara ez da ausartzen kuttunen bat aukeratzen. «Denek dute bere grazia. Inauteri urbanoak alde dibertigarria indartzen du, iraultzaileagoak dira edo eraldatzaileagoak urte batetik bestera, baina Nafarroako inauteri tradizionalak indar gehiago dute eta lurrari edo naturari errotuagoak daude, inauterien berezko izaerara lotuagoak. Inauteri kaletarrak ez daude horren errotuak».

Nahiz eta tradizioari lotuak egon, bakoitzak bere berezitasunak dituzte. «Iturenek eta Zubietak lotzen dituzte joaldunak, erokeriarekin. Alde basatia eta alde serioa dituzte. Altsasuko momotxorroak ere badute alde zurruna eta festa eroagoa». 

Luzaidekoak Euskal Herriko berantiarrenak dira. «Azkenak izaten dira ospatzen. Aste Santutan antolatzen dituzte. Lasaiagoak dira eta agian Iparraldearekin loturak du horretan eragina. Arintasuna da bereizgarria. Kalejira eta dantza uztartzen dituzte lehenengo egunean eta gero badute alde basatia. Arantzakin babestutako oskola duen pertsonaia bat dago eta jendeak oskol hori kendu behar dio. Porrekin joaten dira eta enfrentamendu bat dago. Nafarroan hartzaren pertsonaia erasokorra izaten da eta Luzaiden berriz umeekin besarkatzen da, ukitu egiten da...». 

Erriberako argazkietan alde hori nabari da. «Mugimendu gehiago dute Altsasukoek Luzaidekoak baino».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!