Mundarroko saskibaloi talde nagusiek ezin izan dute mailari eusteko bidean pausorik eman. Gizonezkoen taldeak gutxigatik galdu zuen Aieten, eta alde haundiagatik galdu zuen emakumezkoen taldeak Goierrin.
Faseko lehenengo partidua izan zen gizonezkoen ligan. 66-65 galdu zuen Mundarrok Saski Axular taldearen aurka. Lehenengo bi laurdenetan astigartarrak nagusitu ziren, atsedenaldi luzera 30-41 aurretik iritsita. Hirugarren laurdenean, ordea, aurretik ateratako aldea galdu zuen Mundarrok, eta azken laurdenean erabaki zen partidua. Azken segunduetan etxekoek eskuratutako hirukoak jarri zuen azken emaitza markagailuan. Bigarren fasea hirugarren postuan hasi du Mundarrok, baina taldeari ez zaio erlaxatzea komeni, mailari lehenbailehen eusteko.
Oso bestelakoa izan zen emakumezkoen 1go mailako partidua. Goierriren aurka jokatu zuen Mundarrok, eta hasiera hasieratik ikusi zen etxeko taldearen nagusitasuna. Markagailuak ere horixe islatu zuen, 77-37 galdu baitzuten moreek. Kasu honetan ere mailari eusteko garaipenak behar ditu Mundarrok. Asteburu honetan Internacional liderraren aurka jokatuko dute, Astigarragan.